Teknologia berriak dituzten enpresen kopuru handiena Debagoienak dauka

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 29a

Debagoiena liderra da Informazio eta Komunikazio Teknologiak dituzten eta erabiltzen dituzten enpresen kopuruan, Euskadi osoa hartuta. Hiriburuek ere ez dute hain maila handirik. Hain zuzen, 10 langile edo gehiago duten enpresen gaineko estatistika egin du Eustat-ek, eta Debagoiena nabarmentzen da kategoria gehienetan, baita euskarazko webguneak dituzten enpresen kopuruan ere. Aurtengo datuak dira.

Internet baduten tamaina horretako enpresen artean, Gipuzkoan Debagoiena eta Debabarrena nabarmentzen dira (%100); Durangaldea Bizkaian (%99,5) eta Arabako Ibarrak (%98,7). Donostian, %97,1ek.

Webguneak dituzten enpresei begiratuz gero, berriz ere Debagoienak du datu onena (%89,7); gero datoz Arratia-Nerbioi (%88,9) Bizkaian eta Gorbeiako inguruak (%87,1) Araban. Donostian, enpresen %84,5ek daukate.

Euskarazko webguneetan dauka Debagoienak bigarrenarekiko alde nabarmenena: webgunea duten establezimenduen artean, %75,7k daukate euskaraz Debagoienean; %60k Urola-kostan eta Goierrin; eta %50ek baino gehiagok Tolosan, Donostialdean eta Debabarrenean. Bizkaian, Markina-Ondarroan eta Gernika-Bermeon, web orrien erdiak baino gehiagok euskarazko aukera dute. Arabako Mendialdean erdia pasa dira; gainerakoetan txikiagoak dira portzentajeak.

Internet eduki eta administrazio publikoekiko tramiteak egiten dituzten enpresak bereziki ugariak dira Debagoienan (%97,3) Gipuzkoan, Gernika-Bermeon (%93,7) Bizkaian eta Kantauri arabarrean (%92,2). Donostian, enpresen %88,4k egiten dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak