Izan ere, zonifikazioa bateratu egin da, eta horrekin batera zona batetik bestera pasatzeko saltoak edo jauziak, baita ere. Eskualde batetik bestera pasatzean jauzi bat egiten da, eta jauzi horrek tarifa aldaketa dakar. Lehen baino jauzi gutxiago izango dira ibilbide nagusietan, eta horrek gutxiago ordaindu beharra ekarriko du.
Adibidez:
• Debabarrenetik (Eibar) Donostialdera datorrenak lehen 3 jauzi zituen eta martxotik aurrera 2 jauzi izango ditu.
• Debagoienetik (Arrasate) Donostialdera datorrenak 4 jauzi izan ordez, 3 izango ditu.
• Aizarnazabal, Urola Kosta 3. zonara (Zarautz) pasatzen da. Ikusi da inguru horretako erabiltzaile gehiago joaten direla Zumaia-Zarautz aldera eta horregatik aldatu da 4. zonatik 3.era.
• Goierri, (Beasain) eta Urola Garaia (Zumarraga) bateratu egin dira. Beraz, jauzi bateko bidaia dena 0 jauziko bidaia izatera pasako da eskualde horietan, eta beste eskualdeetara mugitzeko garaian ere jauzi bat gutxiago izango dute.
Gaur egun 2, 3 edo 4 jauzi dituzten bidaien %37k jauzi bat gutxiago izango dute, beraz, erabiltzaile horientzako Txartel Bakarrarekin bidaiatzea orain baino merkeagoa izango da. Adibide batzuk:
• Eibar-Donostia 3 jauzitik 2ra: Lurraldebus txartela dutenek, lehenengo bidaia 4,55 euro ordaintzen dute. Martxotik aurrera 3,58 euro izango da bidaia hori.
• Arrasate-Donostia 4 jauzitik 3ra: Orain lehenengo bidaia 3,47 euro da, eta martxotik 2,42 euro izango da.
• Beasain-Zumarraga, jauzi batetik 0ra: 1,12 euro balio duen bidaia, 0,88 izango da martxotik.
Bidaia kopurua handitzen den neurrian dagokion deskontua aplikatuko zaio prezioari.
Beste hainbat abantaila ere izango dira. Txartel Bakarrean sartzen diren garraio modu guztien bidaiak kontagailu berean gehituko dira, hau da, Lurraldebuseko, Euskotreneko, Dbus eta Errenteriako eta Irungo urbanoen bidaia guztiak hartuko dira kontuan deskontuen tartea kalkulatzeko. Garraio modu batean zein bestean ibili, bidaia guztiak kontatuko dira, eta beraz, errazagoa izango da deskontu handiagoetarako zatietara iristea.
Lurraldebusetik Lurraldebusera, doan
Transbordoetan ere abantailak izango dira. Lurraldebuseko autobusen artean doakoa izaten jarraituko du, eta Dbuseko autobusen artean ere bai. Hau da, operadore bakoitzaren barruko transbordoak doakoak izango dira. Garraio modu desberdinak erabiltzen direnean, bidaiarik garestiena (dagokion deskontuarekin bidaia kopuruaren arabera) ordainduko da, eta merkeenaren %25 (bidaia kopuruen araberako deskontua aplikatu eta horren %25a).
2013ko aurrekontuetan 29 milioi euro ipiniko ditu Foru Aldundiak garraio publikora. Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuko aurrekontuaren %24,54 da kopuru hori.