Zaintza aringarriak hizpide, gaur Arrasaten

Ubane Madera 2012ko azaroaren 27a

Debagoieneko Ospitaleak antolatuta, zaintza aringarrien gaineko berbaldia egingo dute gaur iluntzean (19:00etan) Kulturaten. Bakea, erosotasuna eta duintasuna izenburuarekin, honako puntuak aztertuko dituzte: 

  • Heriotzari buruzko hausnarketak gaur egungo gizartean. 
  • Zer diren eta zertarako balio duten zaintza aringarriek.
  • Zaintza aringarriak eskubide.
  • Debagoieneko Zaintza Aringarrien Zerbitzua.

Interesa duen edozein joan daiteke hitzaldira, eta sarrera doan da. Gainera, hizlariak zaintza aringarrien gaineko jakintza duten adituak izango dira: 

David Avellanal, Debagoieneko Ospitaleko Barne Medikuntzako sendagilea eta Debagoieneko ESIko ospitale arretako erreferente Zaintza Aringarrietan. Izan ere, parte hartu du Zaintza Aringarrien Taldea abian jartzen eta horren erreferente da Debagoieneko Ospitalean. Bertan mediku-ondoko da Barne Medikuntzako Zerbitzuan 2010tik. Medikuntza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Barne Medikuntzak espezialitatea egin zuen Gasteizko Santiago Ospitalean.

Jesús Millas, Oñatiko Osasun Zentroko familia medikua da orain dela 21 urtetik. Medikuntza eta Barne Medikuntzako espezialitatea ikasi zituen Zaragozan, hangoa baita. Zaintza Aringarrien Taldeko kidea da gaixoei eta horiek etxeetan artatzen dituzten sendagileei laguntza ematen die. Bien bitartean Euskal Herriko Unibertsitateko “Arreta osoa zainketa aringarrietan” masterra egiten ari da.

Zer dira zaintza aringarriak?

“Zaintza Aringarriak heriotzera eramateko aukera handiak ematen dituen gaixotasuna duen, fase aurreratuan dagoen eta sendatzeko tratamenduek eragiten ez dioten gaixo bati ematen zaizkion zaintzak dira”. Horrela definitzen du Europako Zaintza Aringarrien Elkarteak arreta mota hau.

Munduko Osasun Erakundeak, berriz, honakoa dio: “Zaintza Aringarriak sendatu ezin den eta aurreratuta dagoen gaixotasuna tratatzeko modu bat da, helburu duena gaixoen eta euren familien bizi kalitatea hobetzeko. Horretarako prebentzioa eta sufrimenduaren gutxitzea erabiltzen du, diagnostiko goiztiarra, ebaluazio egokia eta minaren eta arazo fisiko, psikiko, psikosozial eta espiritualen tratamendua baliatuz”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak