1. Hain ibilbide luzea ez dute euskal talde askok. Zein da sekretua?
Kideek elkar aguantatu eta helburu bat izatea. Hasieran genioen helburua zela hamabost urtera taldea izaten jarraitzea, eta hogei bete ditugu. Orain helburua da 60 urtera ere taldea izaten jarraitzea!
2. Arreba dagoeneko ez duzu taldean. Igartzen duzu faltan?
Bai. 2006an erabaki zuen uztea, eta hasierako taldetik Iñigo eta ni gaude. Arrebak hartzen du parte grabaketetan-eta; ateak zabalik dauzka etorri nahi duenerako.
3. Hainbesteren artean hamahiru kantu aukeratzeak ez dirudi erraza.
Lan zaila izan da, bai! Hasierako laburpenean, 30etik gora aukeratu genituen; azkenean, estilo eta erritmo kontuak hartu ditugu aintzat. Denak ditugu kutunak.
4.Nor-nori-nork irakatsi duzue, Nirekin-ekin bizkaiera... Euskaltzaindiak egin dizue omenaldirik?
Ez, baina egin beharko liguke! Gipuzkoarrek egindako musika eta letra, bizkaieraz! Jon Maiak idatzi zuen Nirekin: hasieran batuan idatzi zuen, eta handik bi egunera, bizkaieraz pasa zigun.
5. Nolakoa da duela hainbeste grabatutako kantuak birgrabatzea?
Sentsazio ona da. Hasierako diskoetako freskotasuna eta inuzentzia ona da, baina gero urteen esperientzia erabiltzen duzu grabazioan.Halere, horrek ez du esan gura abestia politagoa geratuko denik.
6. Gozategi, Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider, Etzakit... Biziko du trikitiak horrelako beste garairik?
Formatu horretan irabazi zuen trikitiak nortasuna talde barruan: baxua, gitarra, bateria eta trikia. Egun formatu horretan gu bakarrik aritu arren, trikitiarekin beste gauza batzuk egiten dabiltza: Esne Beltzak reggaea, Gosek elektronika... Zabaldu egin da trikitia.
7. Agertoki gainetik gauza asko ikusiko dituzue. Zelakoak gara euskaldunak ligatzen?
Anekdota bitxiak ditugu; esaterako, erromeria hasieran punta banatan dauden bi pertsonak elkarri nola begiratzen dioten konturatu eta bukatzean batera daudela ikustea. Liga daiteke, bai.
8. Eta dantzan?
Talde askoren jarraitzaileak gara eta euren kontzertuetara joatean konturatu gara jendetsuak izan arren, jendea geldi egoten dela. Gure kontzertuetan, baina, dantza asko egiten da, orokorrean.
9. Nola eroaten da eguneroko lana eta kontzertuak bateratzea?
Nik, ostatua gurea izanda, erraztasun gehiago ditut, baina beste kideek beste lan batzuk dituzte eta ez da posible saio batzuk egitea.
10. Artista eta oriotarra. Hori kolorea, gertu ala urrun hobeto?
Gertu, bihotzean. Oso arraunzalea naiz, eta taldea ondo ikusten dut: dirua sartu da, lana serio egiten dute eta etorkizuna badago.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Bihar arte itxaron gabe gaur bertan egingo nukeena da euskal preso eta iheslari gutziak biziko liratekeen zazpi probintziako Euskal Herri libre eta independentea; nik neuk horrekin amesten dut".