Zerga-iruzurra, gastu publikoa, zerbitzu publikoen finantzazioa… gai interesgarri horiez berba egingo dute biharko jardunaldian. Besteak beste, honako galderei erantzuten saiatuko dira: posible da garapena eta zerbitzu publikoak finantzatzeko erabil daitezkeen baliabideak gehitzea? Multinazionalek zer nolako eragina daukate eztabaida honetan? Bidezko zergak ez ordaintzeko indarrean dagoen finantza-sistemaren mekanismoak aprobetxatzen dituen enpresa enpresa arduratsua da? Zelan arautu daiteke enpresaren zerga-erantzukizuna?
Mugarik Gabeko Ekonomistek argi daukate erantzuna: “Zerga-saihestea krimena da. Nazioarte-mailan eta toki-mailan gertatzen den zerga-saihestea, eskala horretan, gizartearen, demokraziaren eta herrien garapenaren kontrako krimena da. Praktika horien finantza-krisiaren kausen eta ondorioen muin-muinean daude, eta horien kontra egitea beharrezko baldintza da hezkuntza, osasuna, pentsioak eta gainerako zerbitzu publikoak ematea bermatzeko".
Mundu-merkataritzaren erdia, zerga-paradisuan
Zenbait kalkuluren arabera, munduko merkataritzaren % 50 zerga-paradisu batetik pasatzen da, eta Europako enpresa handienen % 99k gutxienez partaidetutako enpresa bat dauka zerga-paradisu batean. Tax Justice Network-en txostenaren arabera, mundu osoan, estatuek 3 bilioi dolar inguruko diru-sarrerak galtzen dituzte zergetan zerga-iruzurraren ondorioz. Hori osasunaren arloko gastu globalaren % 54 da.