Kaleratzeak-Stop taldeak sinadurak batu eta mozioak aurkeztuko ditu Debagoienean

Ubane Madera 2012ko abenduaren 18a

"2008az geroztik, krisiak eztanda egin eta langabezia hazi zenetik, 400.000 familia baino gehiago etxegabe utzi dituzte. Horrek esan gura du, Euskadin egunero banketxeek bost familiari etxea kentzen dietela". Datu hori helarazi du Debagoieneko Kaleratzeak-Stop taldeak gogora ekartzeko oraingo astean etxegabetzeen kontrako sinadurak batuko dituela herriz herri. Lehen hitzordua bihar da, eguaztena, Aretxabaletan, 18:00etatik 20:00etara. Iragarri du, baita ere, mozioak aurkeztuko dituela udaletan. Lehena, eguenean, Eskoriatzan. 

Sinadura bilketari dagokionez, abenduaren 20an, eguenean, da bigarren hitzordua. Kasu horretan, Bergaran eta Eskoriatzan izango dira (18:00-20:00). Azken udalerri horretan, gainera, osoko bilkura dago deituta egun bererako eta bertan aurkeztuko dute etxegabetzeen kontrako lehen mozioa.

Sinadura bilketei dagokienez, Arrasaten borobilduko dute astean, egubakoitzean bertan izango dira-eta sinadurak batzen. 

Bizitza osorako zor finantzarioa

Etxe-husteen kontrako plataformak salatu du etxegabetze bat gertatzen denean, etxe barik geratzeaz gainera, "familia horrek bizitza osorako zigor finantzario" bati aurre egin behar diola. Izan ere, halako kasuetan banketxeak egiten duen prozesuaren amaiera izaten da etxea enkantean ateratzea, eta "enkante hori hutsik geratuz gero (krisi testuinguru honetan kasuen %90ean gertatzen da hori), legea eskuan, banketxeak bere egiten du etxebizitza, tasazio balioaren %60an. Eta jarraitzen du zorraren ordainketa erreklamatzen, gehi interesak gehi epaiketa kostuak, berez kaudimengabe dauden pertsonei. Hori egiten du nominak, kontuak eta bestelakoak bahimenduz".

   

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak