Euskal Herria martxan izeneko kanpaina abian jarri dute gaur sindikatu nagusiek eta hainbat eragile sozialek. Egubakoitzera arte iraungo du martxak eta Hego Euskal Herrian bizi den errealitatea salatu nahi dute horrela. Hiru puntu azpimarratu dituzte sindikatuetako ordezkariek:
- 220.000 pertsona lanik gabe dago. Horietatik %45ak ez du inolako langabezia prestaziorik jasotzen.
- Enpresarioak lege laboralaren eta nagoziazio kolektiboaren erreformak baliatzen ari dira milaka eta milaka langile kaleratzeko, baita langabeziaren mehatxupean langile klasearen pobretze orokorra inposatzeko ere, euren hitzetan.
- Erakundeek lehentasuna ematen diote defizita eta zor publikoa murrizteari. Horretarako, gastu publikoa mozten dute, batez ere, gizarte gastua eta enplegu publikoa "suntsitzen" ari dira baina bitartean azpiegitura handiak bultzatzen jarraitzen dute, sindikatuetako ordezkarien hitzetan.
Eskatzen dutena da politika publikoetan aldaketa gertatzea eta enplegu duina sortzeari eta eskubide sozialetan aurrera egiteari lehentasuna eman behar zaiola gaineratu dute sindikatuetako ordezkariek.
Eguaztenean, hilak 28, gure bailaran
Hego Euskal Herrian egingo dira mobilizazioak aste honetan eta eguaztenean iritsiko dira Debagoienera, hilaren 28an. Egun horretan bi ekitaldi nagusi egongo dira gurean: Arrasaten goizeko 11:00etan ospitalearen aurrean kontzentrazioa egingo dute osasungintzako murrizketak salatzeko eta Bergaran eskubide sozialen inguruko hitzaldia antolatu dute 19:00etan etxebizitza eskubideari buruz hitz egiteko.
Lan duinaren defentsako Debarroko kontzentrazioa, berriz, Eibarren egingo da eguaztenean bertan 18:30ean.
Sindikatuetako eta eragile sozialetako ordezkariek dei egin dute ekitaldiotan parte hartzera.