Eraso sexisten aurkako ahotsak nagusitu dira gaurkoan ibarrean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko azaroaren 25a

Urtero bezala, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, ibarrean ere asko izan dira egoera salatzera kalera irten diren lagunak.

Urtero azaroaren 25a iristearekin batera, indarkeria matxistaren kontra miilaka pertsona irteten dira kalera, eta aurten ere, ez da salbuespena izan. Hala, ibarreko gizon eta emakume ugarik aski dela esan dute tokian tokiko agerraldietan.

Tamalez, egunero, orduro eta minuturo emakumeren batek jasaten du tratu txarra munduan, dela fisikoa, dela psikologikoa. Egoera aldatu behar dela oihu egiteko eguna izaten da gaurkoa.

Oñatin, esaterako, jende ugari elkartu da eguerdiko ekitaldian. Udaleko Berdintasun Sailak eta Andraitz Feminista Taldeak egin duten deialdiari ongi erantzun diote herritarrek. Konzentrazioa egiteaz gainera, trikitilariak eta bertsolariak ere egon dira, eta amaieran komunikatu bat irakurri dute. Hala, egoerak hobera barik, krisiaren ondorioz egoera txarra areagotu dela adierazi dute Andraitzeko lagunek.

Aldaketa errealak eskatu dituzte, eta bereziki emakumeei egin diete dei, subjektu aktibo bilaka daitezen animatuz. Jendartean geroz eta feminista gehiago daudela adierazi dute, oso esparru ezberdinetan gainera, eta denen artean jokamolde sexista dutenen inpunitateaz amaitu beharra adierazi dute.

Ibarreko gainerako herrietan ere eguerdian egin dituzte agerraldiak, salbuespenak salbuespen. Bergaran, bihar elkartuko dira B-26 mugimenduak deituta, 19:00etan San Martin plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak