Basque Culinary Centerreko ikasleak Jose Carlos Garcia chefarekin

Maialen Gonzalez 2012ko aza. 23a, 14:12

50 lagunentzako oturuntza prestatuko dute Michelin izarra jaso berri duen Malagako Jose Carlos Garcia chefarekin batera. Afaria 'Ezagutu etorkizuneko chefak' zikloaren barruan kokatzen da. Hilean behin, BCCk, izen handiko sukaldari bat ekarri eta ikasleekin batera bertaratutako herritarrentzako oturuntza prestatzen dute; bide batez, sukaldaritzako bizipenak partekatuz.

Gaur gauean, Malagako Jose Carlos Garcia chefa, Café de Paris jatetxekoa eta bart Michelinen izarra jaso berri duena, Basque Culinary Centerreko ikasleekin batera arituko da 50 lagunentzako oturuntza bat prestatzen. Ekitaldia ikasleek abian jarri duten ekimenaren baitan kokatzen da. 'Ezagutu etorkizuneko chefak' izenburupean, hilean behin, BCCko sukaldera etortzeko gonbidapena luzatzen zaio izen handiko sukaldari bati. 

Zapore anitzen nahasketa

Ikasleek autogestionatutako ekintza da eta chef gonbidatuak, ikasleen laguntzarekin, janariak prestatzeaz gain, bere sukaldaritzako bizipenak partekatzen ditu. Jose Carlos Garcia chefak bere dotorezia ekarriko du Donostiara, teknika eta irizpide modernoak erabiliz, baina betiere, produktuaren eta zaporearen errespetuan oinarrituta. Afaria hainbat herrialdetako produktu eta zaporeen nahasketa izango da. Besteak beste, tomate eta urdaiazpikozko bizkotxo gazia, erremolatxa-ogia, jogurta eta ozpin-hautsa, zigala-daikon-martorria edota gazta-tartazko maskorra eta marsmallow pasioa dastatu ahal izango dira.

Ikasleak protagonista

Zikloak helburuetako bat, ikasleek talde-lana garatzea da; horrela, autonomia eta ardura areagotu eta sukaldaritzako eta zerbitzuko aukeren inguruko ezagutza eta eskarmentua barneratzen dute. Ikasleek hasieratik amaierara gobernatzen dute jarduera: erreserbak kudeatzea, komunikazioa, kudeaketa ekonomikoa, erosketak, salmentak, zerbitzua ... Gainera, sukaldariaren aginduak jarraituz, ikasleek eurek aurreprestatuko dituzte platerak zein aurretiko prestaketa. Azken batean, dena prest izango dute sukaldaria afaria prestatzera iristen denerako.

Autofinantziazioa

Afarietan lortutako diru-sarrerak erabiliz finantziatuko dute produktuen erosketa, eta euren ardurapean egongo da emaitza ekonomikoa. Galerarik izatekotan, euren gain geldituko da; dirurik irabaztekotan, aldiz, ikasleek bidaiatzeko edota erakunde ongile bati emateko erabiliko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak