Espainiako bandera ipintzera behartuta daude

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 23a

Espainiako legeek eta epaitegi-sistemak markatzen dituzten epeak bukatzear daude Debagoieneko udalendako, eta ez dute buruhauste makala alkateek: Espainiako banderen legeari men egin eta Espainiako bandera ipini, edo legea ez bete eta ondorioetarako gertatu.

Gogoz kontra, legea beteko duen lehenengoa Eskoriatzako Udala izango da, joan den eguenean egindako osoko bilkuran jakinarazi zuen moduan. Bihar, zapatua, 19:30ean, ikurrinari omenaldia egingo diote; gero, lege-betearaztea salatuko dute; eta azkenik, banderak bistara ipiniko dituzte. Baina bere modura egingo du: denetara 26 bandera ipiniko ditu, Eskoriatzan bizi direnen nazionalitateen ikur gisa,. Espainiakoa eta ikurrina tartean. Banderen Legeak dioena beteaz, udaletxe barruan eta kanpoan, begi-bistan den leku baten ipiniko ditu bi bandera sorta.

Ez da atzo goizekoa banderaren inguruko auzia. Urte asko daroate euskal udalek eta bestelako erakunde publikoek Espainiako Gobernuak eta epaitegiek agintzen dutena saihesten. Horretarako, Debagoieneko udalek zuzenean agindua ez betetzeko bidea hartu dute betidanik; hemendik kanpo, azkenaldian, beste aukera batzuk hartu dira, hala nola Espainiako bandera "inposaketa" zela adierazteko plaka ipintzea –Gipuzkoako Foru Aldundian– edo gorri-horiarekin bat ikurrina eta Europako bandera ipintzea eta, gainera, balkoian ipini beharrean, lurrean ipinitako masta batzuetan.

Badirudi, izan ere, legea betetzeko momentua datorren neurrian, irudimenez betetako irtenbideak ikusiko direla Debagoienean.   

"Bakarrik atzeratu egingo da" 

Banderen Legea 1981ekoa da. Orain arte, hori baztertu ahal izan dute Debagoieneko udalek. Iaz, udan, udalbatza berriak osatu eta segituan, Euskadiko udal guztiei idatzia bidali zien Espainiako Gobernu ordezkariak, "legea denondako berdina" dela gogoraraziz eta, beraz, bandera ipintzea tokatzen zitzaiela esanez. Debagoieneko udalek modu berean erantzun zuten: agindua ez zuten bete; eta, bestetik, aholkulari juridikoak kontsultatu zituzten.

Denborak aurrera egin ahala, Estatuko Abokatuak salaketa ipini zien Gobernu Ordezkariaren errekerimendua bete ez zuten 60 inguru euskal udalei; tartean, Debagoieneko udal gehienei. Orduz geroztik epaitegietan egon da kontua, eta orain epaia irten da edo irtetear dago, kasuan kasu.

Hala, epaitegietan dago kontua kasu gehienetan, eta, ezuste handirik ez badago, epaiak legea betetzea aginduko die Debagoieneko udal guztiei. Hala, udal iturriek onartu dute badakitela "bakarrik bandera ipintzea atzeratzeko" balioko duela epaitegietara jotzeak.

Eskoriatzako hilaren 15eko osoko bilkuran alkateak, Beñat Hercek, irakurri zuen adierazpenak laburtzen du udalen egoera eta iragartzen du, gutxi gorabehera, Debagoieneko beste herrietan zer gertatuko den datozen asteotan: "2010. urtean Estatuko abokatuak Eskoriatzako Udalari 39/1981eko legeak xedatutakoa betetzea eskatu zion: hau da, Espainiako bandera udaletxearen kanpoaldean eta pleno aretoan jartzea. Udalak, sententzia horrekin ados egon ez denez, bi urte hauetan ez du eskatutakoa bete, baina momentu honetan sententziak dioena derrigorrez bete beharra dago, bete ezean udalaren aurkako neurri zorrotzak aplika daitezkeelako". Gaineratu zuenez, "tamalez, neurri honen kontra Eskoriatzako Udalak egin zezakeen guztia egin du, baina ez du ondoriorik izan".

Isun handiak –milaka eurokoak– eta, txarrenera joanda, alkatearen inhabilitazioa dira etor daitezkeen neurri zorrotz horiek. Hortik dator Eskoriatzako Udalak hartu duen irtenbidea. Alkateak "jazarpena gogo biziz salatu" zuen, baina "egoera aprobetxatu behar" dela ere esan zuen, eta herritarrak gonbidatu zituen "nork bere etxeko balkoian bere nazioko bandera eskegitzera". Izan ere, "Eskoriatza guztiok gara, hemen jaiotakoak edo 5.000 kilometro haratago jaiotakoak. Ondorioz, herritartasuna herriak berak emana izan behar du".

Bide batez, Espainiako Estatu eta Gobernu ordezkariek, udaletxeetan bistara dauden euskal presoen aldeko pankartak eta izarak direla-eta, auzitara eraman ditu zenbait udal eta auzitegietan dago oraindik kontua. Beste batzuek ez dute ez salaketarik, ez hura kentzeko agindurik ere jaso.

Balkoian, ikurrina 

Eskoriatzako alkateak herritarrei egindako deiarekin bat dator Jose Antonio Altuna Txatillo arrasatearra, bere garaian ikurrina legeztatu zedin lortu zuten alkate haietako bat, eta honakoa esan zigun: "Erantzun gisa, nik argi daukat zer egingo nukeen: etxeko balkoietan Realaren eta Athleticen-eta banderak ipini beharrean, ikurrina ipintzea". Albisteak ez zuela ezustean harrapatu esan zigun: "PPkoak ezagutzen ditut eta haiek agintzen duten bitartean, edozer gauza egingo dute Espainiako bandera ipini dadin". 

Altunaren iritziz, "buruhaustea orain alkateek dute, eta eurek erabaki beharko dute zer egin", baina ipintzeko derrigortasunaren aurrean "ezer egiterik egongo ez" dela uste du.

Alkate-talde hartako Julian Untzueta aramaioarrak lege-betearaztea bazetorrela entzun zuen berbaz berba herrian. "Edo beharbada neuregana etorri ziren partikularrean horixe komentatzera; baina ezin dut sinistu, ez dut aditu ere egin gura", esaten zuen Untzuetak. Ikurrinaren alde "hainbeste lan egin eta gero, penaz" zegoela, baina hala ere baikor agertzen zen: "Nik uste dut etorriko dela beste bueltaren bat".

Elena Laka abokatuak hauxe esan digu: "Legea garbia da: bandera ipini egin behar da. Beraz, bi aukera dituzte: edo bete, edo ez bete".

Lakak dioenez, Eskoriatzako Udalak aukeratutako bidea balekoa da, legearen ikuspegitik; Espainiako bandera ipintzen baldin bada, berdin da beste 25 ere harekin batera ipintzea.

Legea betetzen ez duena bandera bat ere ez ipintzeko aukera da –nahiz eta ikurrina ere ez ipini, legea ez da betetzen–, zenbait erakundek hartu izan dutena.

Bergarako epaitegi kanpoan 

Banderen Legeak administrazio publiko guztien erakunde guztiei eragiten die eta Espainiako bandera "leku preferentean" eta bistara ipintzea agintzen du. Euskal Herrian bada bandera ipinita duten erakundeak: adibidez, Irunen (PSE-EE) aspalditik dago ipinita, eta Patxi Lopezen agintaldian, Eusko Legebiltzarrean ere egon izan da.

Debagoienean ere badago aurrekaririk: Bergarako epaitegian bandera ipini zuten iazko apirilean, Auzitegi Gorenak aginduta. Handik gutxira, Espainiakoa erre egin zuen bateren batek.

Donostiako Udalaren kasuan, Odon Elortza alkate izan zen bitartean, betetzen zen legea. Juan Karlos Izagirre alkate denetik, hainbat istilu izan dira banderaren kontura: kenduta, agerian baina apurtuta… egon izan da. Bilduk Espainiako II. Errepublikako bandera jaso zuenean apirilaren 14a ospatzeko, "legea mespretxatzen" zuela leporatuta salaketa ipini zioten Udalari. Azkenean, Espainiakoa, Donostiakoa, Gipuzkoakoa, Europako Batasunarena eta ikurrina, denak lurrean ipinitako mastetatik zintzilik ipini zituen Udalak.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan ipini zuten bandera; gero, keinu horren kontrako adierazpena zuen plaka ipini zuten. Horren kontura ere ika-mika egon zen. Azkenean, kendu egin zuten, alkatearen inhabilitazioaren beldur.

-----------------

Banderen Legeak dioena 

Eraikin guztietan: Espainiako bandera administrazio guztietako eraikin guztien kanpoan ipini beharko da, eta barruan, leku preferentean.

Erkidegokoa: bere bandera estatutuetan errekonozituta duten erkidegoek Espainiakoaren ondoan ipin dezakete. 

Handiena: gainerako banderak ezin izango dira Espainiakoa baino handiagoak izan, eta Espainiakoak ohore goreneko lekua izango du.

-----------------

Bide guztiak agortu arte

Iaz, udan: gaur egungo udalbatzak eratzearekin bat, Espainiako Gobernuaren aurreko ordezkariak, Mikel Cabiecesek, gogorarazpen edo errekerimendua bidali zien EAEko 100 bat udali, iaz, udan.

Ez zuten bete: zenbait udalek bete egin zuten, gogoz kontra halere: Donostiako Udalak, adibidez. Debagoieneko batek ere ez zuen bete. 

Auzitegira: errekerimendua bete ez zuten 60 bat udalei –Debagoieneko gehienak barne– salaketa ipini zien Estatuko Abokatuak. Beste batzuek, ordea, ez dute salaketarik jaso.

Erabakia: epaiak irteten hasi dira, denak legearen aldekoak. 

Beste kasu batzuk: azken egunotan, Mutrikun eta Sopelan ere ipini dute Espainiako bandera, udalaren gogoaren kontra. Sopelan, ikurrinaren aldeko manifestazioa egin zuten.

Hemen ez bezala: Bilboko, Irungo eta Eibarko udaletxeetan, berriz, urteak daroatza Espainiako banderak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak