Fotoeleberria, sexu erasoak salatzeko

Maialen Gonzalez 2012ko azaroaren 23a

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak prestatu du, Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzaren lankidetzarekin. 'Mujeres de aquí y de allá, historias de ahora' fotoeleberriaren bidez, etxeko langile diren emakume etorkinen aurkako sexu erasoak salatu nahi dira, espazio publikoetako zein pribatuetako jazarpenari aurre egiteko ahaleginean babesa emanez.

Genero Indarkeriaren Biktimei laguntzeko Zuzendaritzak, gure Autonomia Erkidegoan sexu erasoak nola bizitzen eta ulertzen diren, eta nolako arreta ematen zaien inguruko azterketa egin zuen 2010ean (www.euskadi.net/violenciadegenero). Ondorioetan, arazo larri honetan lanean jarraitzeko premiazko beharra ikusi zen.

Hainbat ikuspegi aldatu beharra

Emakume etorkinentzako kanpaina baten barruan, fotoeleberriaren proiektuarekin, emakume horiek indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea dutela kontzientziatzea bultzatu nahi da; izan ere, espazio publiko zein pribatuetako jazarpenari aurre egiteko ahaleginean babesa eta ainzatespena sentitzen duten neurrian baino ez da murriztuko sektore horren ahultasuna.

Ikerlanaren ondorioen artean, emakume etorkinei buruzko ikuspegia aldatzeko beharra identifikatu zen. Jendartean egiten duten ekarpena eta lana aintzatetsiz, funtsezkoa ikusten da talde horrekiko sexu erasoak ikusaraztea, horren gaineko isiltasunari esker betikotu egin daitezkeelako.

Hori dela eta, eta etxeko langile gisa lan egiten duten emakume etorkinen komunitate horri arreta berezia jarriz, proiektu bat martxan jarri da. Honek, azterlanean islatutako emakume etorkinen datuei erantzuten die, baita sexu erasoak bizitzeko duten moduari ere.

Hiru eztabaida talde

Azterketako atal hori prestatzeko hiru eztabaida talderen iritziak hartu ziren kontutan; orotara, 26 emakumek hartu zuten parte. Eztabaida taldeetako bat Getxo udalerriko emakumeek osatu zuten. Haietako batzuk etxeko langileak ziren eta hausnarketa prozesuan, zenbait elkarte propio sortu dituzte. Besteak beste, etorkin gisa bizitzean eta gaur egun bizi diren jendartean integratzeko ahaleginetan elkar babesteko

Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak, Mariola Serranok, adierazi duenez, fotoeleberriak formatu bikaina eskaintzen du argazki irudiaren indarra ispilu gisa erabiltzeko, baita eguneroko egoerak islatzeko ere, horietan ikusten baitira sexu erasoak eta horiei aurre egiteko emakumeek baliatutako moduak. Horrez gain, Jaurlaritzako Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzak, proiekturako eskainitako lankidetza nabarmendu du.

Jatorriak aintzat hartuz

Lana prestatzeko aintzat hartu dira zaintza lanetan ari diren etorkin komunitatearen zati handi batek dituen tradizio kulturalak, Hego Amerikako emakumeen kasuan, bereziki. Hala, beren hizkuntzaren eta ohituren gertuko produktua osatu da: fotoeleberria, ahotsak eta ezinegonak jaso dituen produktua, eta, bide batez, arazoa gizarteratzeko agente gisa ere erabil daitekeena da. 

"Espero dugu lanabes hau sentsibilizatzeko tresna erabilgarria izatea emakume etorkinekin lan egiten duten erakunde eta gizarte eragile guztientzat; lana Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak prestatu du, eta Immigrazioko Zuzendaritzaren eta bertako teknikarien ekarpenak, iritziak eta laguntza ere jasoko ditu" azaldu du Mariola Serranok. 

Sarean eskuragarri

Fotoeleberria Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren webgunean dago eskuragarri: 

www.euskadi.net/violenciadegenero

www.euskadi.net/generoindarkeria

baita Immigrazioko eta Aniztasuna Kudeatzeko Zuzendaritzaren atarian ere:

www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-inmigrac/es/

www.gizartelan.ejgv.euskadi.net/r45-inmigrac/eu/

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak