Urtero legez, Santa Zeziliak omenaldi berezia jasoko du. Musikariak zein abeslariak prest daude beren patroiaren eguna ospatzeko. Gainera, gaurko egunean ez ezik, bihar eta asteburu osoan zehar ere izango dira emanaldiak gurean.
Gaurkoari dagokionean, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Aretxabaletako Musika Eskolek, Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak antolatutako "Musikalean" ekintzan parte hartuko dute. Horrela, arratsaldeko 17:30etatik 20:00ak bitartean, Santa Zezilia eguna ospatuko dute, musika kalera ateraz.
Horiez gain, hemen dituzue gaur eta asteburuan zehar gurean izango diren emanaldiak:
Arrasate
- Goikobalu Abesbatzak kale kontzertua eskainiko du. Arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Hotelean, Portaloian eta Herriko Plaza inguruan ibiliko dira.
- Arrasate Musikali dagokionez, bihar, ostirala, ikasleek Santa Zezilia kontzertua eskainiko dute Kultur Aten, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Nagusien bandaren emanaldia, bestalde, domekan izango da. Herriko Plazan, eguerdiko 13:00etan (euria eginez gero, San Frantzisko Elizan izango da).
Bergara
- Arratsaldeko 17:30etan: Gazte Bandarekin batera, Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak Musika Eskolatik San Martin plazara kalejiran joango dira.
- Ordu berean, Musika Eskolako txistulariek Barrenkale eta Ariznoa kaleetan kalejira egingo dute. Trikitilariak, Mizpirualde Egoitzatik abiatuko dira.
- Ondoren, emanaldi txiki bat eskainiko dute San Martin plazan.
- Guztientzako txokolatadarekin amaituko da ospakizuna.
Oñati
- Jose de Aspiazu Musika Eskolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek arratsaldeko 17:30etan dute hitzordua, berdura azokan. Amaieran, txokolate beroa egongo da guztientzat, 19:30ak aldera.
- Udal Musika Banda, arratsaldeko 18:45etan kalejiran irtengo da.
- Oñati Abesbatzak, zapatuan meza abestuko du.
- Ganbara Txiki abesbatzak, ostera, abenduaren 1ean eskainiko du Santa Zezilia kontzertua.
Aretxabaleta
- Musika Eskolakoen emanaldia Herriko Plazan izango da, arratsaldeko 17:30etan hasita.
- Abesbatzak, domekan meza abestuko du Parrokian. Ondoren, bazkaria egingo dute.