Iban Arantzabal elgetarra, Goienako zuzendari nagusia, da Hekimen elkarteko presidentea, euskarazko hedabide lokalak batzen dituen Tokikom ellartearen izenean. Presidente kargua urtero txandatuko da eta zortzi kideko zuzendaritza izango du: Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, Hamaika Telebista, Tokikom eta Xaloa Telebistako ordezkariak.
"Egoera latzak" bultzatuta
Euskarazko hedabideek bizi duten "egoera gaitzak" bultzatuta, duela urte bi harremanetan jarri ziren euskaraz diharduten hainbat hedabide. Harrez gero, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren GipuzkoaBerritzen programaren laguntzarekin, lanean aritu dira elkarrekin eta elkarte hau da haren fruitu. "Jakitun gara, bakarka baino elkarrekin hobeto egingo diogula aurre bizi dugun krisi latzari" adierazi dute gaur Donostiako Koldo Mitxelenan, hedabideen aurrean egin duten agerraldian.
Eremu komunikatibo sendoa
Euskal hedabideen elkarlana bideratzera dator Hekimen, bultzagileen esanetan. "Gaur eratu da eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eremu komunikatibo sendoa garatzera dator" esan du Iban Arantzabalek.
Elkartearen ezaugarri nagusiak honako hauek dira: hedabideetan euskara hutsez jardutea eta publikoak ez izatea.
Zentzu honetan, ezaugarri horiekin bat egiten duten hedabide guztiak deitu dituzte Hekimenekin bat egitera, haiekiko elkarlanera.
"Esparru ahula"
"Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara" esan du Arantzabalek.
Hekimeneko bultzagileek diotenez, euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean hemen da. Aurrerantzean, hortaz, ahots bateratua izango dute: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, haien kezkak agertzeko..., "gure indarrakomeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko" esan du Arantzabalek.
"Desafio garrantzitsua"
Hekimeneko kideen esanetan, "desafioak ez dira makalak". Esate baterako, egunotan ari da eratzen Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzeko asmoa dutela aurreratu dute. "Serio berba egin beharko dugu diru-laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz, etab" esan du Hekimeneko presidenteak. Zentzu honetan, uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi zuten elkarrizketa mahaia eta lan-eremua "emankorra izan dadin" egingo dutela lan esan dute.
"Euskal Herri euskalduna nahi badugu, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa da. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean" esan du Iban Arantzabalek.
Baliabideei dagokionez, Hekimeneko bultzagileek aipatu dute administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri dela azken hamarkadatan eta euskarazko hedabide publikoetan ere bai. "Baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan" Hekimenekoen ustez. "Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko" esan dute.
Gogor lanean
Azkenik Iban Arantzabalek esan du herri ekimeneko hedabideak gogor ari direla lanean, "XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa" nahi dutelako. Eta gehitu du: "gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatua egongo den euskal herritarra nahi dugu. Teknologia berriek eta Internetek ekarritako aldaketetara egokitzen ari gara etengabe eta aurrera begira ere erronkak itzelak dira".
Euskal Hedabideen Behatokia
Horregatik, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dutela aurreratu dute, Hekimen, unibertsitateak, instituzioak, eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa jorratuko duena, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena… Izan ere, "euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko" behar duten guztia du helburu Hekimemenek.
Gaurko agerraldia amaitu dute esaten ilusioz datorrela Hekimen: "garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta gure ekarpena egitera gatoz, berriz diogu, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako".
Hekimeneko hedabideak
- Aizu!
- Argia
- Berria
- Elhuyar
- Euskal Irratiak
- Gaur 8 / Zazpi Haizetara
- Gazteberri
- Gaztezulo
- Goierriko Hitza
- Hik Hasi
- Irria
- Irutxuloko Hitza
- Hamaika Telebista
- Jakin
- Lea-Artibai eta Busturialdeko Hitza
- Oarso-Bidasoako Hitza
- Sustatu.com
- Tolosaldeko Hitza
- Tokikom eta haren baitan bilduta, honako hauek: 28 Kanala, Aiaraldea.com, Aikor, Aiurri, Anboto, Antxeta Irratia, Baleike, Barren, Bierrik, Bilbo Hiria Irratia, BLB (Berton + Prest), Erlo Telebista, Euskalerria Irratia, Galtzaundi, Goiena Komunikazio taldea, Goierri Irrati Telebista, Hernaniko Kronika, Hirinet.net, Karkara, Mailope, Noaua!, Pil-pilean, Topagunea, Ttipi-Ttapa, Txintxarri, UK, Ukberri.net, Uztarria eta Xorroxin Irratia
- Urola Kostako Hitza
- Uztaro
- Xaloa Telebista
- Zuzeu.com