Ertzaintzak eta Arrasateko udaltzaingoak gezurtatu dute lapurrek herritarrak kontrolatzen dituen giltzatakoak oparitzen ari dituztenik

Mirian Biteri 2012ko azaroaren 21a

Egunotan Interneten mezua dabil jakinarazten duena lapur taldea dabilela debagoiendarrei giltzatakoa oparitzen eta horrek barruan duen txip elektronikoaren bidez horien mugimenduak kontrolatzen. Ertzaintzak eta Arrasateko udaltzaingoak lasaitasunerako deia egin dute; jakinarazi dute "gezurra" dela mezu horretan esaten dena: "Tamaina aldetik ezinezkoa da txipa giltzatako baten barruan sartzea; gainera, sistema horiek oso garestiak dira".

Esandako mezuak honakoa dio, besteak beste: "Komertzialak direla esaten duten lapurrak giltzatakoak banatzen dabiltza toki publikoetan eta gasolindegietan. Giltzatakoek pertsona horien mugimenduak kontrolatzen duten txip elektronikoak dituzte barruan. Lapurrek lagun horiek zelatatzen dituzte eta beraien egoera ekonomikoa ezagutzen dute. Giltzatakoak oso erakargarriak omen dira, gustura jasotzen diren horietakoak".


Ertzaintzatik eta Arrasateko udaltzaingotik jakinarazi digute mota horretako txip elektronikoen tamaina handia dela eta ez direla giltzatako batean sartzen, eta hortaz, "gezurra" dela mezuan esaten dena. Udaltzaingotik gaineratu digute sistema horiek oso garestiak direla; hain justu, bakoitzak 3.000 euro inguru balio duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak