Gizarte-enpresek eta ekintzaileek erraztasunak izango dituzte Euskadiko Kutxa Ipar Kutxan

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 21a

Euskadiko Kutxa Ipar Kutxak erraztasunak ipiniko ditu Gizarte-Ekonomiaren Patronaleko (CEPES) kide diren 45.000 enpresek bere burua finantzatzeko, eta ekintzaileei ere lagunduko die. CEPESekin hitzarmena egin du gaur horretarako.

Kooperatibak, lan-sozietateak, mutualitateak, gizarteratze-enpresak, enplegu-zentro bereziak, arrantzale-kofradiak eta desgaitasun-sektoreko elkarteak dira hitzarmenaren hartzaile nagusiak. Enpresa horiek lehentasunezko baldintzak eta abantailak izango dituzte Euskadiko Kutxa Ipar Kutxaren finantza-zerbitzuak kontratatzeko.

"Gizarte-ekonomiako enpresen premia nagusiak betetzeko" diseinatu da hitzarmena, Euskadiko Kutxa Ipar Kutxak dioenez. Hala, ekintzaileek produkzio-jarduerari ekiteko eta garatzeko finantzaketa-lerro berriak ez ezik, enpresek likidezia uneoro izateko eta inbertsio berriak ahalbidetzeko produktuak ere eskainiko dira.

Gainera, gizarte-ekonomiako enpresek dirulaguntza-aurrerakinak eskuratu, bazkideen kapital-ekarpena erraztu eta nazioartera irteteko aholkularitza jaso ahal izango dute.

Lau hilean behin berrikusiko dira baldintzak

Hitzarmenak urtebete iraungo du eta luzatu ahal izango da.

Hitzarmenaren baldintza ekonomikoak eskatutako finantzaketa motaren, mailegu-epearen eta bezeroen kreditu-izaeraren arabera egongo dira. Nolanahi ere, baldintzak lau hilean behin berrikusiko dira.

Euskadiko Kutxa Ipar Kutxak honako webgune hau zabaldu du, finantzaketa-lerroei buruzko informazioa eskuragarri jartzeko: www.financiacioneconomiasocial.com.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak