Stop Kaleratzeak plataformak Aretxabaletako etxe kaleratze bat salatu du

Txomin Madina Milikua 2012ko azaroaren 21a

Gaur arratsaldean Arrasateko osoko bilkuren aretoan egindako batzarrean sortu dute Debagoieneko Stop Kaleratzeak plataforma. Ezagutzera eman ez izan arren, Debagoienean ere kaleratze kasuak egon direla salatu dute. Duela gutxi heldu zaien ibarreko kasu baten berri ere eman dute: azaldu dutenez, debagoiendar bat Aretxabaletako bere ohiko etxebizitzatik kaleratu zuten eta orain garaje baten bizi da.

Debagoienekon Stop Kaleratzeak platafomakoek  egin duten batzar sortzailearen ostean eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, plataforma irekia da eurena, arazo honen konponbidearen alde egitea erabaki duen inor baztertzen ez duena.

"Pairatzen ari garen krisiari banku-sistemaren askonahia, etxebizitzen merkantilizazio eta populazioaren gain zortzepera daramaten bi alderdi nagusien gobernuek aplikatutako politikak batuz gero ondorio kalkulaezineko krisi humanitario bat sortzen ari da" azaldu dute plataformakoek, eta gaineratu dute Euskadin hamar eta hamabi bitartean izaten direla egunero gauzatze hipotekarioak. Euren berri eman ez den arren, Debagoienean ere halakoak egon direla gaineratu dute, eta ezagutu berri duten kasu bati buruz ere egin dute berba.

Kaleratzea Aretxabaletan

Azaldu dutenez B.Z.U. izeneko debagoiendar baten kasua da. "Kutxak bere ohiko etxebizitzatik, Aretxabaletako Loramendi kaleko 10. zenbakiko 1-B etxebizitzatik, kaleratu zuen", argitu dute plataformakoek, eta gaineratu dute bere egoera dela-eta egun garaje baten bizi dela.

Egoera honen aurrean, eskari zehatza egin diote Kutxako administrazio kontseiluari: "Eskatzen diogu bere lehengo etxean kokatu dezala pertsona hau, bere diru sarreren %30 gainditzen ez duen alokairu sozialeko erregimenean". Egoera konpondu bitartean udal agintariei ere egin diete eskaria, bai egoerarekin bukatzeko eta baita lehen aipatutako izaera sozialeko alokairu bat eskatzeko ere.

Esan, azaroaren 9an kaleratzea zioazelako Amaia Egañak bere buruaz beste egin ostean, Kutxabankek bertan behera utzi zituela etxe kaleratzeak.

Plataformakoek adierazi dutenez, eurekin harremanetan jarri ez den arren ezagutzen dute kaleratua izan ostean garajean bizi den beste debagoiendar baten kasua ere. Oraindik kaleratzea gauzatua ez arren, Oñatin beste hiru kasu ezagutzen dituztela ere esan dute, baita Alokabideko beste kasu bat ere.

Herri Ekimen Legegilea eta udalei eskaria

PPko gobernuak onartutako dekretua "lardaskeriatzat" jo ostean, Stop Kaleratzeak platafomakoek esan dute euren proposamenak argi agertzen direla urtarrilean parlamentura eroango duten Herri Ekimen Legegilean. Hiru eskari zehatz egiten dituzte bertan: etxebizitza ordainetan ematea atzeraeraginezko ondorioekin, kaleratzeak bertan behera geratzea eta alokairu soziala. Gaineratu dute dagoeneko 600.000 sinadura baino gehiago batu direla ekimen honen alde.

Debagoieneko udalei ere deia egin diete plataformatik  kaleratzeen kontra eurekin lan egin dezaten. Hainbat eskari ere egin dizkiete udalei; hala nola aurrekontuetan kaltetuendako dirulaguntzak sartzea edo alokairu sozialerako udal-etxebizitzen parke bat sortzea. 

Bilerak hamabostean behin

Plataformaren funtzionamenduari dagokionez, zehaztu dute bilerak hamabostean behin izango direla eta herria txandakatzen joango direla. Plataformakoekin harremanetan jartzeko telefonoaren berri ere eman dute. 669 42 85 98 da telefono hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak