Epaitegi-tasek garestitu egingo dute justizia

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 22a

Justiziako eragile guztiak aurka izan arren –Espainiako epaileen organo gorenak, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ), ere aurkako informea egin du–, Espainiako Gorteek onartu egin dute Justizia Ministerioak prestatutako tasa judizialen gaineko erreforma. Horrek seguru asko izango dituen eraginez ohartarazi dute eragile haiek, esanez justizia administraziora jotzea galaraziko diola jende gehienari. Eragina zabala izango da, klase ertainetik behera.

Joan den astelehena aukeratu zuten leku guztietako eragileek protesta egiteko, eta baita Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko Debagoieneko hainbat abokatuk ere. Kale-bilkura egin zuten Bergarako epaitegiaren aurrean. Tasen "kopuru altu" horrek "herritarren tutoretza judizial eraginkorrerako eskubidea murrizten" duela ulertzen dute. 

Ez da hori justizia arlotik datorren arau-gogortze bakarra; ordaindu ezin dutenek ere zailagoa izango dute epaitegira jotzea. Izan ere, erreformaren helburua da doako justizia zerbitzua finantzatzea. Hilean 1.100 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenek jaso dezakete doako justizia. Baina, kontuan hartuta beste baldintzak gogortu egin direla, jende gehienak ezingo du doako zerbitzua lortu. 

Norbanakoek ere bai 

Aurrerantzean, orain arte ez bezala, norbanakoek ere ordaindu beharko dituzte tasak. Bi motakoak izango dira: finkoak eta aldakorrak. Finkoak orain artekoak baino 50 eta 750 euro artean garestiagoak dira, eta berdinak dira denondako. Salbuespen bakarrak bi motatako erabiltzaileak izango dira: batetik, doako justizia zerbitzuaren onuradunak; eta bestetik, orden penaletik doazenak.

Lege hori urtarrilaren 2an martxan jartzea aurreikusi da eta, bere eraginez, kasuan kasu, baliteke epaitegira joatea egin nahi den erreklamazioarengatik lortu nahi dena baino garestiagoa izatea: adibidez, 90 euroko faktura ordain diezaioten erreklamatu nahi duen autonomo batek 100 euro ordaindu behar izatea prozesua hasteko bakarrik. Beste kasu bat: hileko 200 euroko konpentsazio-pentsioa eskatzen den dibortzio prozedura baten, herritarrak 812 euro ordaindu beharko lituzke apelazio-errekurtsoa aurkeztu nahi balu. 

Tasak ezartzen dira orden penal ez beste guztietan: zibilean, administrazioarekiko auzi-prozesuetan eta sozialean. Gainera, handitu egiten dira prozesuan aurrera egin ahala: esaterako, Gizarte eta Administrazioarekiko Auzien esparruko apelazio kasuetan 500 euroko garestitzea izango da; eta kasazioen kasuan, 600 eurotik 1.200 eurora igoko dira tasak. Orden sozialean, legeak lehenengo aldiz kobratu gura ditu tasa judiziaiak erregutze eta kasazio prozesuan. 

Debagoieneko abokatuek eta kontra dauden eragile guztiek bereziki kritikatu dutena hauxe da: justiziara ez jotzeko konbentzitu nahi dituela herritarrak lege horrek, aurrerantzean oso garestia izango delako. Azpimarratzen dute justizia administrazioa erabiltzea Espainiako Konstituzioak batzen duen eskubidea dela. Arrazoi horiengatik, nagusiki, hainbat epailek zalantzan jarri dute legea konstituzionala denik, izan ere, epaileen zaintza eraginkorra jasotzeko eskubidearen kontra egon daiteke.

Ana Mozos abokatu bergararra Doako Justizia Zerbitzu saila kudeatzen duen batzordeko kidea da Gipuzkoako Abokatuen Elkargoan. "Justizia eskubide bat da, baina aurrerantzean ordaindu egin beharko da, epaitegira sartzeko momentuan, edozer ekintza", esaten du.

Nekane San Miguel epaileak "desastre" gisa kalifikatu du tasen judizialen kontua: "Duela 30 urte inguru kendu ziren tasak, eta orain diote epaiketa gehiegi dagoela, jendeak oso arin eta bidegabe jotzen duela epaitegietara. Hori ez da egia".

Epaitegiak, eguneroko gauza 

Kontra daudenek gogorarazten dutenez, edozeinek izan dezake halako baten epaitegira joan beharra; ia-ia eguneroko gauza da. Tasa horiekin, desberdintasun larriak edo egoera zentzugabeak eman daitezke.

Lan ordenean, kaleratu duten langile batek erreklama dezake, bidegabeko kaleratzea izan dela esanez. Bada, lehenengo epaiarekin konforme ez eta jarraitu nahi badu, hurrengo bi pausoak 500 eta 750 euro, hurrenez hurren, kostatuko zaizkio, gehi erreklamatzen duen diruaren %0,5. Langileak ezin badu jarraitu, enpresak izango ditu azkenean aldeko epaia lortzeko aukera gehienak.

Orden zibilean, ahozko epaiketetan, 6.000 eurotik azpiko erreklamazioetan, 150 euroko tasa finkoa ezartzen da; hori, lehen instantzian, hurrengo pausoak 800 eta 1.200 euro kostatuko baitzaizkio eskatzaileari. Eta ohiko epaiketetan, 300 euroko tasa finkoa izango da.

Baina txarrena tasa aldakorrak dira: eztabaidan dagoen ondasunaren zati bat ordaindu beharko da tasa gisa.

Hogei dokumentu 

Baina baliabide ekonomiko nahikoa ez dutenek ere zailagoa dute dagoeneko justizia administraziora sartzea. Izan ere, doako justizia erabiltzeko baldintzak ere gogortu egin zituen Eusko Jaurlaritzak, irailaren 1ean indarrean sartu zen dekretuaren bidez. Hori errekurritu egin dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen elkargoek eta Abokatuen Euskal Kontseiluak. 

Dagoeneko igarri da epaitegi-prozesuak polikiago doazela aurrera, izan ere, orain dokumentu gehiago eskatzen dira doako justiziaren onuradun izateko, eta horiek aurkezteko epeak motzagoak dira. Bizkaiko Abokatuen Elkargoaren esanetan, "behar handiena duten herritarrak defentsa-gabezia arrisku larrian ipintzen ditu" dekretuak. 

Ana Mozosek dioenez, Gipuzkoako elkargoa ere haserre dago: "Urteko 14.000 euroko diru-sarrerak izan ditzake gehienez doako justizia jaso nahi duenak, baina dena hartzen da kontuan, baita diru-laguntzak eta halakoak. Baina 14.000 euroak diru-laguntza bidez osatzen dituenak ez du zerbitzua ordaintzeko inongo aukerarik izango". 

Kritikatzen duten beste gauza bat da orain 20 dokumentutik gora eskatzen direla bakarrik doako justizia zerbitzua eskatu ahal izateko; izan ere, zerbitzu hori ez da bat-batean ematen, baizik eta jaso nahi duenak eskaera egin behar du lehenengo. "Dokumentu batzuk oso nekezak dira lortzen, eta batzuek ez dute inongo zentzurik: adibidez 82 urteko gizonari lan-bizitzaren dokumentua eskatzea. Hala ere, guztiak aurkezten ez diren eskaerak artxibatu egiten dira, dokumentu-falta argudiatuta".

Abokatuei, ordain txikia 

Doako justizia zerbitzuak honako oinarria du: administrazio publikoak –gure kasuan, Eusko Jaurlaritzak– justizia-eskatzaileari dirua mailegatzen dio, eta hark, ahal duenean, bueltatu egin beharko du, teorian behintzat. Abokatuari eta prokuradoreari ere Jaurlaritzak ordaintzen die. Orain arte behar baino gutxiago ordaintzen ziela diote elkargoek, baina, dekretu berriarekin, horrek ere okerrera egin du: "Asko murriztu dute ordainketa, eta, gainera, zatika ordaintzen digute". Beste egoera batzuk ere eman daitezke: "Doako justizia eskaera ez bada onartzen, abokatuak pertsona horrekin ordura arte egindako lana ez zaigu ordaintzen. Administrazioari dagokion lana abokatuok egiten dugu askotan", esaten du Mozosek. 

Gaineratzen duenez, arazoak dituzte ere doako zerbitzua eman eta prozesua bukatu eta, kasu batzuetan gertatzen den moduan, Justizia Orientazio Zerbitzuak, doakotasuna dagokion edo ez erabakitzen duen organoak, ez zegokiola erabakitzen duenean.  Kasu horietan, abokatuak zerbitzuaren erabiltzaileari erreklamatu behar dio ordainketa; zenbait pauso eman eta gero, hark ez badu ordaindu, abokatuak konpentsazio bat jaso zezakeen Eusko Jaurlaritzatik. Bada, konpentsazio hori ere kendu egin dute.

Garaian garaiko kontuak 

Krisiaren eraginez, gero eta jende gehiagok eskatzen du doako justizia zerbitzua. Ana Mozosek dioenez, "jendeak ondo ezagutzen du aukera hori; dena dela, krisia hasi arte, gure lanaren zati txiki bat zen, eta azken urteetan, ikaragarria da zenbat hazi den eskaera-kopurua".

Krisiak bereizgarri egin dituen egoerak ugaritu egin dira, orokorrean, Mozosen esanetan: diru-maileguekin, etxe-husteekin, hipoteken ordainketa-ezarekin… lotutako kasuak, alegia. Horien artean, denetariko jendea dago.

Dena dela, epaitegietako betiko kasuak ere asko dira, abokatu bergararrak dioskunez: "Garaian garaiko muturreko egoerak lantzen ditugu. Denetarik dago: bizilagun-komunitateetako arazoak, herentziak, lur-
eremuak zatitzearekin lotutako kasuak…". Bere esanetan, abokatuen lana eta jasotzen dituzten kasuak aldatzen joan dira jendartea aldatzen joan den neurri berean: "Esaterako, 1981ean Dibortzioaren Legea onartu zenean, asko ugaritu ziren eskaera horiek; gero, normalizatu egin zen eta, bestalde, Izatezko Bikoteen legea egin zenean, halako bikoteen disoluzio kasuak hazi ziren".

-----------------

Justizia-eskubidea, zaurituta

Defentsa-gabezia kasu negargarriak ekarri ditzake eta dagoeneko ekarri ditu tasa berrien legeak. Hala, herritar batek bere udala salatu zuen, mantenu faltagatik hankapean saretoa hondoratu eta jausi egin zelako. 50 euroko tasa ordaindu behar izan zuen eta, gero, errekurtsoa onartu ez ziotenez, ohiko apelazio errekurtsoa ipintzearren, beste 800.

Erditzean medikuek egindako hutsengatik alaba garuneko min larriekin geratu zitzaion bikote bati, eta Estatuari 600.000 euroko kalte-ordaina eskatzen zioten. Bada, denetara, 11.300 euroko tasak egokitu zitzaizkien. Auzitegi Goreneraino jo behar izan zuten.

Beste benetako kasu bat: zirkulazio-istripuan tetraplegiko geratu zen gizonezkoak aseguru-etxeei 1,3 milioi eskatu zien. Bada, tasa finkoak eta aldakorrak zenbatuta, 19.550 euro ordaindu beharko lituzke.

Isuna baino tasa handiagoa

Eragin disuasorioa garbiago ikusten da tasak erreklamatzen dena baino handiagoak direnean: 100 euroko isuna erreklamatzearren, 200 euroko tasa.

-----------------

Doako justizia zerbitzua

Tasen zergatia: tasa judizialen helburua da doako justizia zerbitzua finantzatzea. Urtean gehienez ere 14.000 euroko diru-sarrerak (diru-iturri guztiak barne, baita laguntzak ere) dituztenek eska dezakete doako zerbitzua.

Mailegua: doako justizia eskatzeak esan nahi du eskatzaileak Jaurlaritzari eskatzen diola bere prozesu judiziala ordaintzea: abokatua, prokuradorea, egon daitezkeen perituak… Beraz, mailegua da.

ikusten dena: baldintza ekonomikoei dagokienez, unitate familiarraren gehieneko diru-sarrerez gain, ikusten dena neurtuko da: eskatzailearen etxebizitza, automobila, inbertsioak… Bizi izateko gutxieneko baliabide batzuk ere akreditatu behar dira.

Profesionalaren beharra: judizialki, hauek dira baldintzak: prozedura judizial bat hasi izana edo hasteko moduan egotea; abokatu edo prokuradorea behar izatea; eta, prozeduran kontrajarritako interes familiarrak daudenean –adibidez, dibortzioak–, bakarrik prozedura hasi nahi duenaren baliabide ekonomikoak kontuan hartu ahal izango dira.

Postaz: eskaera Orientazio Juridiko Zerbitzuaren bulegoetan egin behar da. Postaz edo norbere herriko Epaitegi Dekanoan ere eska daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak