Anaitze Agirre: "Azaletik mamira pasatu behar dugu eta atzean pertsonak daudela ikusi"

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko azaroaren 21a

SOS Arrazakeriako kidea da Anaitze Agirre eta erakundearen barruko Mugak Dokumentazio Zentroan egiten du lan. Hemengo eta atzerritik etorritako familiek elkar ezagut dezaten Bizilagunak deituriko programaren aurreneko hitzordua izan zen azaroaren 18an Gipuzkoa osoan, eta aitzakia horrekin ekarri dugu GOIENAko orrietara gipuzkoarra.

Sentsibilizazio arloa oso garrantzitsua da zure lanean. 

Hala da. Kontua ez da orain jendeak aurreiritzi gehiago dituela edo arrazistagoak garela. Arazoa egoera okertzen ari dela da, eta lehen jendeak pentsatu bakarrik egiten zuena orain esan egiten du, eta horretarako eskubidea daukala uste du, gainera. Krisiak ez du arrazakeria sortzen, baina areagotu egiten da etorkinekiko jarrera txar hori. 

Gipuzkoa Solidarioaren hirugarren edizioan murgilduta zaudete. 

Bai. Duela hiru urte egin genuen aurreneko aldiz, eta, ekitaldiren bat antolatuz, etorkinek jendarteari egiten dioten ekarpena errekonozitzeko helburua dauka. Ekarpena zentzu zabalenean; hau da, beraiek gu hautatu gaituzte bizimodu berria aurrera eramateko. Etorkinentzako ere oso garrantzitsua izan zen lehenengo edizioa, jendarteari beste mezu bat iristarazi nahi baikenion. Eta gainera, instituzio ezberdinetako pertsonak egotea, aintzatespen hori egiten, benetan garrantzitsua izan zen. 

Atzo egin zen Bizilagunak programa da Gipuzkoa Solidarioaren barruan antolatutako ekimenetako bat da, ezta?

Bai. Egitasmoaren oinarria izan da familia ezberdinek (direla bertakoek eta baita atzerritarrek ere) beraien etxeetako ateak irekitzea eta, mahaiaren bueltan bazkari baten bidez, familia bik elkar ezagut dezatela. Atzo izan zen egun handia, eta Europa mailako hitzordua izan zen. Gipuzkoako 120 familiak hartu dute parte, eta tartean Arrasateko bat ere egon da. Pozik gaude erantzunarekin;  etorkinekiko beste jarrera bat daukan jendea dagoela ikusi dugu.  

Eta zer-nolako jendeak hartu zuen parte atzo?  

Denetarik dago. Pertsona askok etorkinekiko jendarteak duen jarrera ezkorra dela ohartuta eman dute izena, beste moduren batean jokatu gura dute-eta. Beste toki batzuetako lagunak edukitzea gura dutenak, baina hori nola lortu ez zekitenak ere  etorri dira. Etorkinen aldetik ikusi dugu ez daukatela inongo arazorik integratzeko, aukerarik ez daukatela da kontua. Guk giroa edo momentua sortu dugu jendeak hartu emana izan dezan. 

Orain, harremana lantzeko unea iritsi zaie orduan. 

Beraiek ikusiko dute aurrera jarraitu gura duten laguntasun horrekin, baina, nire ustez, aukera polita da egun bakarreko kontua barik, harreman estuagoa sortzeko. 

Guk beti esaten dugu, gainera, mundua gure etxeko atarian dagoela, eta hori da kontua. Hau da, askotan jendeak kultura berriak ezagutzeko asmoz beste herri batzuetara bidaiatzen duela ikusten dugu, eta hemen bertan dauzkagu herrialde horietako gizon-emakumeak. 

Eta adibidez, ingelesa ikasten ari den norbait, mintzapraktika egiteko, Nigeriako norbaitekin elkar daiteke bertako norbait ezagutzen baldin badu. Edota Marokokoak nolakoak diren ez dakidala eta aukera daukat, ordu pare bat eskainita, estereotipotik ateratzeko.

Bertakoentzat bai, baina, esan bezala, etorkinentzat ere aukera ona izan da Bizilagunak ekimena.

Askotan entzuten dugu ez dutela integratu nahi, bakarrik beraien artean erlazionatzen direla, eta ez da horrela. Zein beste aukera eduki dute? Oso positiboa izan da beraiek ere animatzea ekimenean izena ematera, haien sare soziala zabaldu egin baita. Bi aldeontzako oso onuragarria izan da, elkar ezagutu, mahaiaren bueltan bazkari goxoaz momentu on batez gozatu eta hortik aurrera zerbait gehiago irtenez gero, bikain. 

Aurreneko aldia izateko eduki duen erantzunarekin, datorren urtean ere antolatuko duzuen susmoa daukat...

Asmoa hori litzateke, ezbairik gabe, ea aukera dagoen. Estereotipo eta aurreiritziak apurtzeko oso baliagarria izan da. Niri ere balio izan dit; nahiz eta SOS Arrazakerian lan egin, antolaketaren unean gauza asko ikasi ditut zorionez. 

Ikasi esaten duzu, oso garrantzitsua da ezagutza iritzia edukitzeko.

Ezinbestekoa. Horren harira, Bizilagunak programan hiru seme-alaba dituen emakume dibortziatu donostiar batek esan zidan izena eman zuela pedagogia kontuengatik. Hau da, gureaz gainera, beste kultura, beste ohitura eta hizkuntza batzuk existitzen direla erakutsi gura izan die seme-alabei. 

Tamalez, oraindik aurreiritzi asko daude jendartean.

Aurreiritziak ezjakintasun horretatik datoz. Errealitate bat ez duzunean ezagutzen lau ideiarekin maneiatzen zara errealitate hori ulertzeko. Eta ez da txarra, soziologian horrela dago azalduta eta fenomeno normal bat da. Baina aurreiritzi eta estereotipoekin bakarrik moldatzen baldi bazara beti, arazo bat daukazula esan daiteke, eta hor has liteke arrazakeria. 

Denok izaten ditugu aurreiritziak, ezta?

Bai, noski, eta ez dago gaizki, baina azaletik mamira pasatu behar dugu, eta guztiaren atzean pertsonak daudela ikusi. Adibide bat ipintzearren, galdetegi bat egin dugu Bizilagunak programarako, eta ikusi dugu desberdintasun asko egon arren, zaletasun kontuetan berdin-berdinak garela. 

Domeka honetan, azaroaren 25ean, emango diozue amaiera Gipuzkoa Solidarioari. 

Ezin dut ezer aurreratu. Baina Bizilagunak bazkariak horren parte izan ziren, eta orain urteroko ekitaldi nagusia egingo dugu Kursaalean, bazkariak oinarri hartuta. Aurten auditoriumean izango da, eta horrek esan gura du jende gehiago sartzen dela, 1.200 lagun inguru. Beraz, guztiok zaudete gonbidatuta parte hartzera. Ikuskizunez betetako jaia izango da, zuzeneko musika egongo da, antzerki emanaldia, bideo batzuk emango ditugu... 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak