Egoera aztertzeko, datorren azaroaren 24an, Gasteizko Europa Jauregian, Iruña-Veleiari buruzko I. Nazioarteko Biltzarra egingo dute eta bertan, besteak beste, arkeologia modernoaren 'aita' den Edward Harris izango da.
Nazioarteko Biltzarraren helburua da Iruña-Veleian aurkitu ziren eta faltsutzat eman diren ostrakoetako grafitoei buruz zientziak eskaintzen dizkigun aukerak aztertzea, horren bidez, egiazkoak edo faltsuak diren argitzeko; eta batez ere, arkeometriak eskaintzen dituen bideak ezagutzea.
Biltzarrean Edward Harris arkeologoa izango da hizlarietako bat. Izen handiko arkeologo hau gaur egun mundu mailan gehien erabiltzen den Harris Matrix indusketa sistemaren sortzailea da. Horrez gain, prestigio handiko pertsona da arkeologia alorrean.
Iruña-Veleiako grafitoak egiazkoak edo faltsuak diren ebazteko dauden eta orain arte erabili ez diren hiru bide jorratuko ditu lehenengo biltzar honek: datazioak, kata kontrolatuak eta auditoria arkeologikoak eta, horiekin batera, inolako aurreiritzirik gabeko eztabaida zientifiko irekia.
Biltzarrean, goizean, arkeologia, arkeometria eta paleopatologia alorren ikuspuntutik aztertuko da gaia eta, arratsaldean, hizkuntzalaritza eta epigrafeak izango dira ardatz.
Biltzarrean orain arte elkarren kontra egon diren bi joeretako argudioak entzuteko aukera egongo da: faltsukeriaren eta egiazkoen aldeko argudioak. Horrez gain bi mahai inguru izango dira partaideen eztabaida bideratzeko.
Grafitoen datazio prozesua aurrera doa. Une honetan zenbait ostraka Kultura Ondarearen Madrileko Institutoko laborategian daude datazioen zain. Eskaera hau Gasteizko Instrukzioko 1. Epaitegiak agindu die, Eliseo Gilek orain urte eta erdi egindako eskaera onartu ondoren. Laborategiak sei hilabete dauzka datazio horiek egiteko.