XXVI. Jokin Zaitegi itzulpen sariketa martxan dagoeneko

Laida Beristain 2012ko azaroaren 19a

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxa fundazioaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XXVI. Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena.

2012an Suediako Akademiak Mo Yan idazle txinatarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Mo Yan-en "Shifu yuelaiyue youmo" ipuin- bilduma itzularaztea da.

Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako lagina (ipuinaren hasierako atala) euskaratu beharko du, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.com helbidera. Bi dokumentu bidali behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Aurkezteko epea 2012ko abenduaren 20an amaituko da.

Rafa Egigurenek, Miren Ibarluzeak eta Jesus Mari Olaizola “Txiliku”k osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2013ko urtarrilaren amaiera baino lehen. Bekaren irabazleak txinera menderatuko ez balu, antolatzaileek txinera eta euskara menderatzen dituen aholkulari bat ipiniko dio, laguntzeko.

Irabazleak 4.500 euroko saria irabaziko du Mo Yan-en ipuinak itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2013ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean.

Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Mo Yan-en ipuin-liburua euskaraz, eta 2013ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak