Boluntarioei esker, behar asko asetzen ditu Caritasek

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 20a

Krisiaren erruz, lehen pobreak zirenak orain pobreen artean pobreenak dira, eta behartsu berriak daude; edo, gutxienez, laguntza osagarria behar dutenak. Ohiko lekuetan topatu ez, eta laguntza bila hainbat erakundera jotzen dute. Laguntza eskaerak gehien ugaritu zaien erakundeetako bat Caritas da.

Eliza Katolikoak sortutako eta elizaren barruko karitate-erakundea da Caritas, eta ahal duen behartsu guztiak atenditzen ditu. Hala, Hego Euskal Herrian eta Espainian, iaz 1.800.000 lagun inguru atenditu zituen, 2010ean baino 200.000 gehiago (Gipuzkoan, 24.619). 

Elizbarrutietako boluntarioek osatzen dute Caritas, eta eurei esker erantzun ahal zaie hainbeste jenderen premiei. Diru aldetik ere, batik bat jendearen eskuzabaltasunari esker egin dezake aurrera: iaz, Gipuzkoako Caritasek 8,5 milioi inguru inbertitu zituen jendeari laguntzeko, eta hortik %61 baliabide propioak ziren. Arrasateko Caritasi dagokienez, iaz 64.204,72 euroko diru-sarrerak izan zituen, eta gehiena –46.806,50– dohaintza pribatuetatik etorri zitzaien.

Debagoienean ez dago hainbeste pobreziarik. Baina hemen ere, Caritasek ahalegin berezia egin behar izan du azkenaldian. Zenbait proiektu garrantzitsu ditu martxan Debagoienean: bazterketa egoeran daudenei formazio ikastaroak eta lana topatzeko bitartekaritza; Inclusión Bergara deritzona, oinarrizko premiak betetzeko laguntza tailer baten jardutearen truke; eta aurrerantzerako beste bi: jangela soziala eta behar bereziak dituztenendako alokairu sozialak, Arrasaten.

Eliztarren dirua bakarrik 

Arrasaten, orain hiru bat urte azaleratu zen kalean bizi zirenendako aterpetxe beharra. Hori Udalak egin zuen. Baina, hura osatzeko, jangela sozialaren beharra ere igarri zuten. Bada, jangela horrek oraintxe egin du bigarren astea zabalik. Uribarri auzoko apaiz-etxe ondoko lokalean dago. Hantxe batzen dira astelehenetik domekara Horacio Argarate, Arrasateko parrokoa, eta egun horretako boluntario taldea: lauzpasei laguneko taldea, gehienak emakumeak. 10:00etan hasten da euren lana: Bergarako Elikagaien Bankutik egun horretako janaria ekarri, ogia erosi, janaria garbitu eta prestatu –itxura eta usain ederreko platerak egiten dituzte, gainera–, mahaia ipini, dozena bat bazkaltiarri jaten eman eta, gero, dena garbitu. 

Elizak GOIENAn egindako deiari erantzunez aurkeztu ziren boluntario horiek, 35 bat. Guztiz doan egiten dute lan hori; lagun hurkoari laguntzeak ematen dien poza dute ordain bakarra. Diru aldetik ere, berdin, Horacio Argarate parrokoak azaltzen digunez: "Caritasen, eliztarren diruarekin finantzatzen gara. Ez dugu beste diru-iturririk, eta asmoa ez da hori ere. Aterpetxearen osagarria denez jangela, gure kabuz moldatuko bagina, aurrera egingo genuke bakarrik". Oraingoz, "jendea oso esku zabal portatu da, boluntario aldetik eta diru aldetik. Eskupeko garrantzitsuak jaso ditugu".

Jangela horretara bakarrik Arrasateko aterpetxean lo egiten dutenak joan daitezke. Parrokoak dioenez, "kale gorrian bizi den jendea da"; gehienak, etorkin ibiltariak.

Pertsona bakoitza jarraitu

Baina aterpetxera eta jangelara joan dira bertako pertsonak ere: parrokoaren esanetan, "arazo larriak direla-eta, kalean geratu direnak". Eta, oro har, Debagoieneko Caritasen guardasolpera ere badoaz gero eta bertako biztanle gehiago; gutxi dira, baina lehen joaten ez zirenak. Adibidez, Arrasateko Caritasen atenditu dute 5.000 eurotik gorako zorra ezin ordaindu zegoen bizilagun bat; ordaindu ezean, kalean geratuko zen. Kasu horiek, diosku parrokoak, ez dira laguntzeko hain errazak.

Bergaran, Inclusión izeneko proiektua dute. Berezitasun bat hauxe da: lan-toki okupazional bat. Batez ere "etorkin etorri-berriak" dira han jarduten dutenak, proiektuko koordinatzaile Xabier Jorrinen esanetan. Errodamenduak egiten dituzte, eta trukean armosua eta bazkaria eta afarirako zerbait ematen diete. Janaria etorkinek eurek prestatzen dute. Lantoki hori da eurak "elkartzeko eta hemengo ohiturak eta kultura erakusten hasteko" lekua, Jorrinek dioenez. Izan ere, Caritasen funtsezko helburua ez da unean uneko laguntza ematea, baizik eta, batez ere, "pertsona bakoitzarekin prozesu bat egin, harreraren bidez"; haren egoerari erantzuten saiatu eta gizarteratzea lortu.

Hala ere, elkargune edo lantoki horretara joan dira bertako pertsona batzuk ere; "gutxi, baina ale batzuk bai", lantokiko begirale Antonio Herzogen esanetan.

Gehienbat etorkinak dira oraindik ere Caritasera joaten direnak. Debagoien osoan, Caritasen oinarrizko lana etorkinari harrera egitea da, eta horretarako propio egoten dira boluntario batzuk. Bergarako boluntario Amaia Agirrebeñaren esanetan, "barrutik oso gaizki etortzen dira, familia eta dena atzean utzita, eta entzutea behar izaten dute". Hortik abiatuta, kasu indibidual bakoitzari erantzuna ematen saiatzen dira. Pertsona batzuk –batik bat, emakumeak– bideratzen dituzte lana errazago topatu ahal izateko formazio batera, eta ikastaroak antolatzen dituzte: batez ere, nagusiak zaintzekoa. Familia asko joaten dira Caritasera etxerako langile bila. Bergarako kasua nabarmena da: gaur egun, 180 lagun lanean daude hari esker. Arrasaten, iaz 176 emakumek topatu zuten lana Caritasen formazio eta bitartekaritzari esker.

-----------------

Antonio Herzog(boluntarioa Bergara): "Sinetsita nago beharra duen edozeini lagundu egin behar zaiola"

Antonio Herzogek 69 urte ditu eta Bergarako Inclusión tailerrean begiralea da.

Zer egiten duzu Bergarako tailerrean? Batez ere etorkinak datoz, eta harrera egiten diegu eta hemengo bizikidetza eta lan arauak erakusten dizkiegu. Hasieran kosta egiten zaie, batez ere puntual izaten ikastea, baina ohitura hartzen joaten dira. Bestalde, armosua eta bazkaria eta afaritarako zerbait ematen diegu. Hemen sukalde bat daukagu eta egunero euretariko bi izendatzen ditugu, produktuak ematen dizkiegu eta eurek prestatzen dute bazkaria.

Ondo moldatzen dira gurera? Bai. Ondo tratatzen ditugula ikusten dutenean, segituan egiten dira eta ez dugu inongo bizikidetza arazorik, bat ere ez. Eurengandik asko ikasten da, eta batzuetan eurek ere sorpresak ematen dizkizute.

Zergatik diharduzu zuk? Sinistuta nagoelako beharra duen edozeini lagundu egin behar zaiola. Ni, zorionez, lan hori egiteko moduan nago, eta pozik egiten dut. Hemen egiten dudanak halako lasaitasun bat ematen dit.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak