Espainiako Gobernuak iruzurraren aurkako lege-sorta egin zuen eta honakoa zen falta zen bakarra; gainerakoak urriaren 31z ezkero daude indarrean. 20 egun itxaron dute, komertzio txikiei egokitzeko astia emateko.
Muga 15.000 eurora igotzen da Espainiatik kanpoko batek egiten badu ordainketa, turistek egin dezaketen gastuari kalterik ez egiteko.
Legea bete ezean, ordaindu den kopuruaren laurdena ordaindu beharko du arau-apurtzaileak, isun gisa. Hau da, 10.000 euro eskualdatu badira, 2.500 euroko isuna ezarriko litzateke. Dena dela, Espainiako Ogasun Ministerioak erabakiko du bi aldeengana jo edo bakarrarengana.
Era berean, 2.500 euroko edo gutxiagoko zatitan banatzen bada ordainketa handiago bat, hori ere legearen kontrako ekintzatzat hartuko da. Hala, adibidez, 4.000 euroko ordainketa 2.000 euroko bi zatitan egiten bada, kopuru osoaren gaineko isuna ezarriko da, hau da, 1.000 euro.
Internetez jakinarazi daiteke
Mugaz gaindiko ordainketa egin duenak eta hiru hilabeteren barruan Ogasun Ministerioari hala jakinarazten dionak ez du isunik izango. Horretarako, Zerga Agentziak informazioa eman nahi dutenendako lotura ipini du bere webgunean.
Bestalde, aitortu ez diren irabaziek ez dute preskribituko (orain arte ez bezala). Urriaren 30era arte, amnistia fiskala eman dute, ondasunen %10a bakarrik ordainduta zerga gisa. Aurrerantzean, Espainian edo kanpoan Espainiako zergadunek dituzten kontuek edo ondare-irabaziek ez dute inoiz preskribituko, eta antzematen diren urteko ekitaldian inputatuko dira zergak ezartzeko.
Iruzurraren kontrako lege-sorta horretako beste neurri batek Espainiatik kanpo norberak dituen ondasunez eta eskubideez informatzeko derrigortasuna ezartzen du.