Topaguneak euskararen normalizazioan aro berri bat ireki eta gizarte mugimendua indartzeko apustua egin du

Goiatz Arana Begiristain 2012ko azaroaren 17a

Bilbon egin du bere bigarren kongresua, hiru urteko hausnarketa prozesua bukatzeko, eta lankidetzaren aldeko apustua aldarrikatu du, norbanakoak, gizarte eragileak eta herri erakundeak elkar hartuta. Topagunea ziklo berri horri ekiteko gertu eta gogotsu dagoela adierazi du Mikel Irizar presidenteak.

Topaguneak eta Euskaldunon Elkarteen mugimendua osatzen duten 96 elkarteek hiru urteko hausnarketei amaiera eman diote gaur, zapatua, Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu duten bigarren Kongresuan, Federaziotik Mugimendura lelopean.

Hausnarketa prozesua 2010. urtean hasi zuten eta azken hilabeteetan mugimenduaren antolakuntza, finantzazioa, barne komunikazioa eta jardunari lotutako gaiak landu dituzte Euskal Herri osoko hainbat elkartek. Gaur, bukatutzat eman dute prozesua, Zuzendaritzak proposatutako ponentzia eta ondorioen gainean Kongresura bertaratuek egindako bozketarekin.

Bozketaren ondoren, ekitaldi publikoa egin du Topaguneak, euskalgintzako zein erakunde publikoetako hainbat ordezkariren presentziarekin.

Gonbidapena, euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei

Topagunearen presidente Mikel Irizarrek azaldu duenez, hausnarketa prozesuak gertu utzi du Topagunea euskalgintzaren aro berri bati ekiteko. Bide batez, Topaguneak gonbidapena luzatu die euskaltzale, gizarte eragile eta erakundeei ziklo berri horren oinarriak elkarrekin jartzeko.

30 urteko ziklo bat amaitu eta beste bati ekin

Irizarrek azaldu duenez, 30 urteko ziklo bat amaitu berri da euskalgintzan eta, "lorpen handiekin batera, goia jo izanaren sentsazioa" ere utzi du mugarri horrek: "Ikusi besterik ez dago berrikuntza eta hausnarketa beharra nola dabilen euskalgintzako eragileen artean, han-hemenka", adierazi du.

Horrek, eta jarduera askoren biziraupena bera kolokan jarri duen krisi ekonomikoak, ziklo berri bati indartsu ekiteko beharra ekarri du. Topaguneko ordezkarien hitzetan, gainera, "ziklo berri horretan eragin handia izango du aro politiko berriak, lankidetzarako aukera handiak zabaltzen baititu herri erakunde eta gizarte eragileen artean, iraganeko botere-kontrabotere dialektika gaindituta".

Ziklo berri horren hezurdura plangintza potente bat izatea proposatzen du Topaguneak, eta giharra berriz euskalgintza berri bat, gizartean eta erakundeetan ondo txertatua eta bi esparruen arteko lankidetza sustatuko duena. Bihotzean, azkenik, euskal hiztuna kokatu du Topaguneak, ahalmendua, jantzia, antolatua eta ekintzailea, euskara bizipozez biziko duena agoniatik urrun.

Topagunea, ekiteko prest

Hiru urteko ibilbidearen ondoren, Topagunea ziklo berri horri ekiteko gertu eta gogotsu dagoela adierazi du Mikel Irizarrek, eta euskaltzaleak, gizarte eragileak zein erakundeak animatu ditu elkarlanean jarduteko, ziklo horren oinarriak zehazte aldera. "Ekitaldian omendu dugun Txepetxek etorkizuna eskatzen zuen gure iraganarentzat, eta Topagunetik azpimarratu nahi dugu indarrak batzea eta elkarlana gakoak direla euskarari etorkizun hori emateko", esanez bukatu dute ekitaldia.

Ekitaldia eta hausnarketa prozesua borobiltzeko, Topaguneko kideek bazkaria egin dute Bilboko Kafe Antzokian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak