Urtarril eta irail artean, %42 lizitazio publiko gutxiago egon dira Gipuzkoan, %62 eraikuntza-jarduera gutxiago eta %37 obra zibil gutxiago, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ETSen bidez lizitatu.
Asko jausi dira aurten ere etxebizitzak hasteko eta bukatzeko obrak. Espainiako batez bestearen azpitik dago Gipuzkoa biztanleko etxebizitza kopuruan: 481 etxebizitza 1.000 biztanleko, Espainian baino %13 gutxiago. 6.778 etxebizitza berri daude saldu gabe, parkearen %1,98 (Espainiako batez bestekoa %2,6 da).
Salerosketa merkatua "geldirik" dago. Etxebizitza salerosketak "nabarmen" txikitu dira 2011n, kreditua mugatu den neurrian.
Prezioei dagokienez, etxebizitza berrien prezioek igarri dute gehien murrizketa krisia hasi zenetik. Etxebizitza berrien prezioak %14 eta %23 artean txikitu dira, eta bigarren eskukoenak, %14 eta %11 artean. Espainian baino gutxiago murriztu dira prezioak.
Etxebizitza premiaren gaineko datuak ere azaleratu ziren: etxebizitza berri gutxiago eskatzen da, baina etxe-aldaketagatik behar direnak gehiago dira.
Hipotekak ere dezente gutxitu dira, bai kopuruan, bai tamainan: krisia hasi aurretik baino %50 gutxiago daude, eta diru-kopurua %21,7 jaitsi da 2007tik.
Lege berria
Panorama hori ikusita, Ascongik hainbat eskaera egin ditu: besteak beste, "lehenbailehen" erreklamatzen du lurzoruaren euskal lege berri bat, lurzoruak kudeatzeko erraztasunak emango dituena eta sektorea dinamizatuko duena.
Lizitazio publikoan, Ascongi osatzen duten enpresei daukaten "esperientzia, gaitasuna eta solbentzia teknikoa" errekonozitu diezaietela "beharrezko" ikusten du elkarteak.
"Presazkoa" iruditzen zaio eraikuntza industria "benetako enpresek" osatzen dutela errekonozitzea, eta baita sektorea berregituratzeko neurriak hartzea ere.
Mugikortasun diputatuak, Larraitz Ugartek, itxi zuen batzarra.