47. Durangoko Azoka aurkeztu dute

Goiatz Arana Begiristain 2012ko aza. 15a, 14:58

Durangoko Azokaren 47. edizioa izango da aurtengoa eta iazkoak baino egun bat gutxiagoko iraupena izango du, bostekoa beharrean laukoa; abenduaren 6tik 9ra zabalduko ditu ateak. Edonola ere, inoizko egitaraurik zabalena izango du, 253 erakusmahai, 400 nobedadetik pasatxo eta 300 ekitalditik gora. Benito Lertxundi musikariak jasoko du Argizaiola saria aurten, eta kultura gonbidatua ijitoa izango da.

Mende erdia beteko du aurki Durangoko Azokak; euskal kulturgintzaren zabalkundean eragiten duen 47. aldia izango da aurtengoa. Gerediaga Elkarteak antolatuta, izaera irekia eta parte-hartzailea du azokak, urterik urte emandako urratsei esker. Azken pausua iaz eman zen diziplina berriei eskainitako Irudienea (ikus-entzunezkoak), Szenatokia (arte eszenikoak) eta K@bia(teknologia eta adierazpen berriak) guneekin. Bada, pausu horren jarraipena dator aurten eta, gainontzeko guneekin batera, espazio berri horiek finkatzeko ahalegina egin da.  

411 izenburu berri

Azokara begira argitaratzen diren nobedadeei dagokienez (urritik abendura arteko hilabeteetan), 411 izenburu berri argitaratu dira: 289 liburu, 65 bideo, 32 aldizkari eta 7 liburu elektroniko, horien artean. Liburu nobedadeetan beherakada txiki bat egon da –iaz 313 izan ziren izenburu berriak–, baina gainontzeko produktuetan eutsi egin zaio edo gainditu egin da iazko kopurua –434 guztira, iaz.

Partaidetzari dagokionez, 127 argitaletxe, diskoetxe, talde, elkarte eta erakunde izango dira azokan. Iazkoetatik 9 ez dira etorriko, baina 8 eskari berri onartu dira.

300 ekitalditik gora

Egun bat gutxiagoko iraupena izanda ere –lau egun, bost barik– azokak inoiz izan duen egitaraurik zabalena izango du aurten: 300 ekitaldi baino gehiago, gune eta espazio ezberdinetan banatuta.

Azoka bera 10:30etik 20:30era egongo da irekita, eta Ahotsenea gunea 22:00ak arte, aurkezpen gehiagori lekua egiteko eta osteko Plateruena guneko kontzertuetarako zubi natural gisa funtzionatzeko. Hain zuzen, aurten lehen aldiz, Plateruena Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren parte izango da.

Kultura gonbidatua

Kultura Ijitoa izango da aurtengo kultura gonbidatua. Izan ere, badira urte batzuk kultura ijitoa bizikide dugula euskal lurraldean, baina hala ere, kultura ikusezin bezain urrunekoa da gutako hainbatentzat. Kale Dor Kayiko elkartearekin elkarlanean, programazio zabala izango da: haurrentzako tailerrak, ipuin kontaketak eta jokoak, emakume ijitoaren eguna eta euren aldarrikapena, mahai inguruak, hitzaldiak, erromintxela, musika zuzenean, fusio ikuskizuna eta beste hainbat sorpresa.

Irabazi asmorik gabeko kultura elkartea da Kale Dor Kayiko. 1989 urtean sortu zen eta ordutik kulturartekotasuna eta inklusio jarduerak izan ditu ardatz. Bilboko Txurdinaga auzoan dute egoitza eta Bizkaian eta Gipuzkoan egiten dute lan. Azokan lehen aldiz 2010ean hartu zuen parte elkarteak, Euskadiko Gazteria Kontseiluko erakusmahaian.

Argizaiola saria

Benito Lertxundi musikariak jasoko du Argizaiola saria aurten. 60. hamarkadatik hona erreferente izan da euskal musikaren sorkuntzan eta kulturgintzan, eta Durangoko Azokarekin lotura estua izan du hasieratik; bigarren edizioan hasita, bertan egon da aldiro.

Abenduaren 6an emango diote saria Lertxundiri, Gauean Argi ekitaldian; Jon Maiak zuzenduko duen ekitaldi berezian, omendua izango da oriotarra.

Babesle eta laguntzaileak

Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Durangoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, BBK, Eroski, Euskaltel, Alegria-activity, Berbaro, Ahotsenea, Euskal Idazleen Elkartea, Topagunea, EHAZE, San Agustin Kultur Gunea, UEU, Euskal Wikipedia, Euskal Kultur Erakundea, Albaina Informatika, La Tostadora, Bautista Muebles y Decoración, LESA, Akting, EiTB, Goiena Komunikazio Taldea, Hamaika Telebista, Bizkaia Irratia, Berria, Hitza, Noticias Taldea, Deia, El Correo, Gara, Diario Vasco.

Gerediaga Elkarteak elkarte, talde, erakunde eta enpresa pribatuen laguntza eta babesa eskertu nahi du. Krisi ekonomikoak baldintzatuta ere, etxe pribatu batzuek Durangoko Azokaren proiektuarekin bat egitea erabaki dute lehenengoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak