Aurten bigarren edizioa izango da, iaz Lesakan elkartu baitziren. Orduan arrakastatsua izan zen deialdia, 150 lagunetatik gora bildu baitziren euskal jai giroan bertsolaritzaz disfrutatzera. Oraingoan ere hala izatea bilatzen dute antolatzaileek. Arrasateko Ane Zuazubiskarrek dagoeneko eman du izena bertara joateko: "Jendea animatu gurako nuke Zarautzera. Bertsoaren inguruan Euskal Herri osoko jende mordoa elkartuko gara. Jende berria ezagutzeko modu polita da".
Aspertzeko betarik ez
Jaialdirako egitarau borobila prestatu dute antolatzaileek, tartean, Zarauzko Bertso-eskolak. Hala, 12:00etan bertso-poteoa egingo dute herrian zehar. Bazkaria berriz, 14:30ean Frontoi zineman izango da hitzordua eta jarraian bertso jarriak egongo dira. 22:00etan gaztetxean emanaldi bereziak eskainiko dituzte eta egunari amaiera emateko Fan & Go taldeak erromeria eskainiko du.
Askoren artean, Andoni Egaña, Jon Maia, Maddi Sarasua, Onintza Enbeitia, Maddalen Arzallus, Xabi Igoa bertsolariak eta Baiona, Gasteiz zein Iruñeko bertso eskolako kideak egongo dira Zarautzeko hitzorduan.
Bazkarira joan gura izanez gero idatzi: bertsoeskolak@gmail.com.