Deitzaileen arabera, grebak %50 eta %60 arteko jarraipena izan du EAEn; %70ekoa, Nafarroan; eta %80koa, Espainian

Goiatz Arana Begiristain 2012ko azaroaren 14a

Greba orokorraren egunean, normaltasuna da nagusi Euskal Autonomia Erkidegoan, eta industrian ari da izaten eragin gehien. Sindikatu deitzaileen arabera, arlo horretako enpresa batzuetan %50 eta %60 arteko erantzuna izan du grebak, eta eraikuntzako sektoreko langileen artean %60koa.

Loiuko aireportuan, ohi baino ehun hegaldi gutxiago programatu dituzte gaurko. 39 antolatu dituzte, eta %72 utzi dituzte bertan behera, CCOOren arabera. Euskotrenen, berriz, gutxieneko zerbitzu guztiak emanez hasi dute eguna.

Murrizketen aurka, milaka pertsonak manifestazioa egin dute EAEko hiru hiriburuetan, CCOOk, UGTk eta USOk deituta. Euskadin egindako mobilizazioak "arrakastatsuak" izan direla adierazi du Damaso Casadok, UGT-Euskadiko idazkari nagusiak, eta gaineratu du ELA eta LAB "beste toki batean" daudela. Bestalde, 200 pertsona inguruk manifestazioa egin dute Bilbon, ESK, CNT eta CGT sindikatuek deituta.

Eusko Jaurlaritzak eguerdian eman ditu jarraipen datuak: "%4,48 Administrazio autonomikoan; %7,69 Estatuko Administrazio Nagusian; %3,76 Hezkuntzan; %3,43 Osakidetzan; %17,09 Justizian; eta %0,31 Herrizaingo Sailean. Batez bestea, beraz, %4,48".

Nafarroan

CCOO eta UGT sindikatuen hitzetan, jarraipena %70ekoa baino handiagoa da Nafarroan. Martxoaren 29ko grebakoa baino txikiagoa da, baina ordukoa ELAk eta LABek ere babestu zuten.

Milaka pertsonak egin dute manifestazioa Iruñean, "Etorkizunik gabe utzi gaituzte" lelopean, UGTk eta CCOOk deituta.

Nafarroako Gobernuak, aldiz, egunean zehar izan den "normaltasuna" azpimarratu du. Gertaera "gutxi" eta jarraipen "oso baxua" izan direla gaineratu du Carmen Alba ordezkariak.

Espainian

Espainian, CCOO, UGT eta USO sindikatuek jakinarazi dutenez, grebak %80ko erantzuna du. Sindikatuak "gustura" agertu dira langileen erantzunarekin, eta zenbait sektoretan %90ekoa dela gaineratu dute. Sindikatuen datuen arabera, batik bat metalean ari da izaten oihartzuna greba; saltokietan, berriz, erantzun txikiagoa du. Garraioak ohi baino maiztasun txikiagoarekin ari dira. Irrati eta telebista publikoetan ere zerbitzu minimoekin ari dira lanean. 

Prentsaurrekoan, Candido Mendez eta Ignacio Fernandez Toxo CCOO eta UGTko idazkari nagusiek grebaren parte-hartzea "oso handia" izan dela goratu dute, eta martxoaren 29koa baino "handiagoa" izan dela gaineratu: "Lanuztea ia erabatekoa izan da"

Goizean goizetik hainbat istilu izan dira, Valentzian batik bat, baina Guardia Zibilak esan du martxoko greban baino gutxiago direla. Espainiako Gobernuaren arabera, 62 atxilotu eta 34 zauritu izan dira. Sindikatuek esan dute "penagarria" dela grebaren berri Barne ministroak ematea, eta ez Enplegu ministroak.

Portugalen, sindikatuek diote erantzuna %90ekoa dela. Poliziak piketeei aurre egin die Lisboan eta hainbat istilu izan dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak