Euskadiko XX. Karate Txapelketa egin zuten joan den astean, eta bertan izan ziren ibarreko ordezkari asko. Hala, Uda-karate taldetik hiru borrokaldi egin ostean Ekaitz Irustak bigarren postua lortu zuen gazte mailan, 76 kilotik gorakoetan. Finalean aukera gutxi zuen estatu mailako txapelketetan esku hartzera ohituta dagoen Bera Berako karatekaren kontra; hala ere, kikildu barik egin zion aurre. Odei Vazquezek, berriz, hirugarren postua lortu zuen Kumitean –68 kilo baino gutxiagotan, 21 urtez azpikoan.
Nahiz eta hirugarren postua lortu Vazquezek onartu zuen ez zituela sentsazio onak izan, eta seguru, lehenengo borrokaldia txapeldunaren kontra egin izanak eragina izan zuela. Eta, Oxel Vazquez lehenengo txandan kanporatu zuten epaileek, kontrarioaren aurpegira eraso gogorregia egin zuelakoan. Hala, UDAko ordezkarien esanetan zorrotzegiak izan ziren erabaki hori hartzerakoan; dena dela, azken asteak min hartuta egon ostean, Aretxabaletakoak ez zuen aukera handirik. Hala, Aretxabaletako karateken hurrengo erronka Euskadiko selekzioaren entrenamendu saioetara joatea izango da, eta posible bada, Espainiako Txapelketara sailkatzea.
Aloña Mendin, Asier Natividadek domina
Aloña Mendiko ordezkariak ere Gasteizko txapelketan egon ziren, eta bertako karateka Asier Natividad hirugarren sailkatu zen Kumitean, 14 eta 15 urte bitartekoen kategorian (52 kilotik behera). Horrekin batera, Oñatikoak pozik geratu ziren Nahia Rodriguezek, Mikel Igartuak eta Ane GUridik egindako lanaz, nahiz eta dominarik lortu ez.
Shotokanekoak ere bikain
Eta, Gipuzkoako Txapelketan lan ona eginda Euskadikoan izan ziren, baita ere, Shotokaneko ordezkariak. Hala, Bergarako taldeak kadete mailan ordezkaritza zabala izan zuen, eta maila oso ona erakutsi zuten. Laugarren izan ziren, pisu ezberdinetan: Mikel Gaiastegi eta Jon Barragan. Iker Osinaga, berriz, bigarren izan zen 57 kiloz azpikoetan. Aurreko bi borrokaldiak irabazi ostean, finaleran galdu egin zuen. 63 kiloz azpikoetan Andoni Muxika bosgarren izan zen
Shotokanekoak aurrez aurre, urrearen borrokan