CCOOk eta UGTk deitu dute lanuztera, beste hainbat erakunde eta sindikaturen babesarekin. Deialdia, ordea, Europako hainbat herrialdetara iritsi da, CES Europako Sindikatuen Konfederazioak gaurko egunerako protestak antolatzea erabaki baitu. Europa osoko deialdia "historikoa" izatea espero dute deitzaileek baina, irailaren 26ko greba orokorrean ez bezala, ELAk eta LABek ez dute mobilizatzera deitu. Mobilizatzeko arrazoiak badaudela uste du LABek, baina sindikatuen arteko akordio "sendoagoak" premiazkoak direla iritzi dio; ELAren iritziz, funtsezkoa da protesta batek hainbat osagai izatea eraginkorra izan dadin, eta hori dela-eta eman dio ezetza deialdiari.

Lan egunetako ohiko mugimendua izan da arratsalde erdi inguruan Arrasateko kaleetan.
Debagoienean
Beharbada horregatik, Debagoieneko tamaina ertain eta handiko enpresa askotan ez dute deialdirik ere egin; eta egin duten kasuetan, ez da aurrera atera. Bailarako lantegietan, ia denetan bederen, lan egingo dute gaur, beraz. Udaletan normaltasunez jardungo dute lanean eta berdin udal zerbitzuetan ere. Osasun zerbitzuei dagokienez, eskualde ospitalean ziurtatuta egongo dira zerbitzu minimoak, hau da, guardiako medikuak eta larrialdiak; eta hortik aurrerakoa, espezialistak lanean dauden edo ez, bertara joanda jakingo dutela gaixoek esan digute ospitaleko iturriek. Izan ere, profesional bakoitzak eskubidea du nahi duen erabakia hartzeko modu indibidualean eta, gainera, ez dauka zertan abisatu; prozedimentua bera da anbulatorioetan ere.
Hezkuntzan, lanera etortzeko erabakia hartu dute gureko ikastetxeetan diharduten irakasleek eta eskolara joango dira ikasle gehienak ere, baina ez guztiak: atzo arratsaldera arte batutako datuen arabera, adibidez, Bergarako Mariaren Lagundiko Goi mailako Zikloko ikasleek greba egingo dute eta baita Migel Altuna Institutuko hainbatek ere –bozketa eginda, grebaren aldeko 150 boto eta kontrako 100 jaso dituzte. Eta gaur jakin dugu grebarekin bat egin dutela MUren Oñatiko fakultateko ikasleek –ez horrela Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako fakultateetakoek– eta Arrasate Institutukoek.

Saltokiek ateak zabalik izan dituzte.
Eusko Jaurlaritzak irailaren 26ko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuak mantendu ditu gaurko eta, garraioetan, esaterako, %30eko zerbitzuak jarri ditu; gasolina zerbitzuguneetan ere hori izango da gutxienekoa.
Mobilizazioak
Goiz eta arratsaldez izango dira mobilizazioak gaur Hego Euskal Herriko lau hiriburutan:
- Donostian, Alderdi Ederretik irtengo dira, 12:00etan eta 18:30ean.
- Bilbon, Plaza Biribiletik 12:00etan, eta Jesusen Bihotzatik 18:30ean.
- Gasteizen, Europa jauregitik 12:00etan, eta Andra Mari Zuritik 17:30ean.
- Iruñean, Nafarroako Enpresarien Konfederazioaren egoitzatik 11:45ean, eta autobus geltoki zaharretik 18:00etan.
Horietan esku hartzeko dei egin diete CCOO eta UGT sindikatuetatik afiliatuei. "Haserrea" kalera ateratzeko eskatu die herritarrei Damaso Casado UGT-Euskadiko idazkari nagusiak. Europa mailako deialdi bat izanda, "logikoena" sindikatu guztien presentzia litzatekeela uste du: "Zatiketa oso negatiboa da, eta langileei egiten die kalte". Nafarroako CCOOk ere arrazoi ugari ikusten ditu protestarako. Hala zerrendatu ditu Jose Maria Molinero idazkari nagusiak: lan erreforma, osasun arloko berrordaintzea eta murrizketak, amnistia fiskala... Horiek guztiak aintzat hartuta, "kontsumoaren greba" egiteko eskatu du.
ESK, CNT eta CGT, euren kasa
Azaroaren 14a baliatu nahi dute ESK, CNT eta CGTk ere murrizketen aurka kalera ateratzeko, baina euren kasa egingo dute. UGTk eta CCOOk egindako deialdiari ez diote babesik eman, eta euren protestak iragarri dituzte, bi horien "helburuekin" bat ez datozelako. Haien arabera, krisiari aurre egiteko bide bakarra mobilizazioa da, eta garrantzitsua da Europa osorako egindako deia aprobetxatzea, "etorkizun duin baten alde".
Gasteizen, Otxanda dorretik abiatuta, martxa bat antolatu dute, 11:00etan, eta 19:00etan elkarretaratzea egingo dute Correos enparantzan. Bi deialdi horiekin batera, beste protesta batzuen berri ere eman du ESK-k. Manifestazioak egingo dituzte Iruñean (19:00, Antoniutti parkea), Bilbon (11:45, Jesusen Bihotza) eta Donostian (12:00, Bulebarra). Errenterian eta Arrasaten ere elkarretaratzeak egingo dituzte.
CNTk, gainera, "atsekabea" adierazi du ekintzarako "batasunik eza" dela-eta. Sindikatuak uste du Euskal Herriko langileak ez daudela murrizketetatik salbu, eta horregatik dela beharrezkoa erantzun bat ematea.
Europa osoko deialdia
Austeritate neurrien aurkako deiadarra Europako hainbat herrialdetatik hedatuko da gaur. Espainian eta Portugalen espero dute eraginik handiena izatea, bi horietan grebara deitu baitute. Beste herrialdetan manifestazioak eta aldi bateko lanuzteak egingo dituzte.