Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide-Azpiegitura diputatuak azaldu duenez, "Bidegiri 1,2 eta 1,8 milioi artean kostako zaio neurria, baina hala ere ez du desoreka ekonomikorik sortuko Bidegi erakunde publikoarentzat, kopuru hori errepideak mantentzeko kontratuaren murrizketarekin orekatuko" dutelako.
Foru diputatua pozik azaldu da legea onartu dutelako, era horretan, gipuzkoarrentzat autobideak ordaintzea ez delako izango "poltsikoentzako lapurreta".
Aintzane Oiarbide EAJko batzarkidearen hitzetan, errepideen finantzaketaren alderik onena EAEko hauteskundeak baino lehen erakutsi dute, benetako plana ezkutatuz: gipuzkoarrentzako zerga berriak.
Etxegaraten kamioiei kobratzen hastea ez dute onartu
EAJk aurkeztu du proposamena gaurko saioan, baina, aski babes ez zuela ikusita, atzera egin du. Bilduk, Aralarrek eta PPk beste testu bat atera dute aurrera: martxoa amaitzerako, errepideak finantzatzeko plan bat aurkeztu beharko du diputazioak. Aldundiak "eredu oso bat" aurkeztu behar duela erabaki dute hiru alderdi horiek; hau da, ez dute balekotzat jo N-1 errepidean soilik jartzea bidesaria eta "gizarte beharrak" kontuan izan beharko ditu araudi berriak.
Larraitz Ugarte diputatuak nabarmendu du EAJren jarrera bistan utzi duela gaurko saioak: "Errepideak finantzatzeko proposamen seriorik ez daukala argi geratu da. Elkarrizketa haustea soilik nahi du, eta gero eta bakartuago dago".
EAJren izenean, Markel Olanok adierazi du ados jartzea izan dela jeltzaleen helburua eta, horrelakorik ez zela ikusita, atzera egitea erabaki dutela. Olanok dio euren proposamena dela lehenbizi kamioientzat bidesaria jartzea Etxegaraten eta gero zabaltzea sistema hori herrialdeko lehen mailako sarera. Horri gehitu dio ez duela ulertzen zergatik Bilduk ez dien atzerriko kamioiei ordainarazi nahi Gipuzkoa zeharkatzeagatik.