Xehetasun gutxi eman dituzte: "Gaixo larriak, mendekotasuna dutenak, adinekoak edo umeak dituztenak izan litezke muturreko kasuak", diote bankuen elkartetik, baina ez besterik.
Larrien dauden familiak etxetik kaleratzeko prozesuak eteteko asmoz hitzartu zuten bilera Espainiako Gobernuak eta PSOEk eta prozedura berriaren gaineko legedia ezagutu bitartean exekuzioak indargabetzeko hartutako erabakia iragarri zuen Kutxabankek, ohar bidez.
Zapatuan kaleratu zuen oharra Kutxabankek –bezperan, Amaia Egañak bere burua hil zuen Barakaldon, etxetik kaleratzear zirela–; Mario Fernandez Kutxabankeko administrazio kontseiluko presidenteak lehen etxebizitzetako hipoteka exekuzioak berehala bertan behera uzteko agindu zuen, eta argitu zuen enkanteak ere geratu egin dituztela.
Euskadiko Kutxan etxehuste "traumatikorik" ez
Euskadiko Kutxak aurretik hartutako erabakiari gehitu zitzaion modu horretan Kutxabank. Izan ere, Euskadiko Kutxak ez du krisi egoera honetan etxehuste "traumatikorik" aktibatu, ohar bidez jakinarazi duenez. Bertan dio badirela urte batzuk halakoak saihesteko barne-protokoloa erabiltzen duela, eta hala jakinarazi zuela aurtengo urteko ekainean.
"Familiek ohiko etxebizitza erosteko eskatutako hipoteka ordaintzen ez duten kasuetan, akordio bidez saiatzen gara egoera bideratzen; epeak luzatzen dizkiegu edo nobazioak eskaini, zorra modu adiskidetsuan negoziatzeko berriz, hipoteka ordaintzea ahalbidetuko duten aukera guztiak agortu arte. Soilik aukera horiek denak agortutakoan egiten dugu ordainetan etxebizitza ematearen alde", adierazi dute Euskadiko Kutxako ordezkariek. Diotenez, familiek euren bizitokietan jarraitzea eta derrigorrezko etxehusteak ekiditea dute helburu eta, horretarako, kasuan kasuko adostasunetara ailegatzen ahalegintzen dira, ordenamendu juridikoak baimentzen dituen beste neurri batzuetara jo aurretik.
"Erakundearen printzipioei jarraiki", euren estamentuetan jasota dago jokatzeko modu hori: "Finantza erakunde kooperatiboa eta ekonomia sozialekoa da Euskadiko Kutxa eta, gure izateko moduari jarraiki, badaude gauzak egiteko beste modu batzuk". Aurrera begira, politika horrekin jarraitzeko asmoa agertu du erakundeak eta espero du materia horretako erregulazio berriak euren praktikak babestea.
Euskadiko Kutxak moduan, Ipar Kutxak eta Sabadell Guipuzcoanok ere jakinarazi dute ez dutela egungo testuinguruan etxehuste "traumatikorik" burutu.
Bien bitartean, Hipoteka Legea berehala aldatzeko beharra berretsi dute beste behin epaileek.
Erreakzioak
Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia: "Aldundiak hainbat dinamika ditu zehaztuta kaleratzeak geratzeko".
Tontxu Rodriguez, Barakaldoko alkatea (PSE-EE): "PSOEk akatsa egin zuen Espainiako Gobernuan zegoenean etxe kaleratzeen legea ez aldatuta, zaharkituta baitzegoen. Berandu iritsi gara, eta une honetan ez nago harro politikari izateaz».
Antonio Basagoiti, EAEko PPko presidentea: "Herritarren zergetatik atera da bankuak erreskatatzeko dirua, eta orain haiei dagokie herritarrei laguntzea".
LAB: "Kaltetu askorentzat berandu datozen neurriak dira. Etxe kaleratzeak eteteko banketxeek eta aurrezki kutxek hartutako erabakiak ez du arazoa konpontzen".
Caritas: "Etxe kaleratzeekin gertatzen ari dena drama bat da. Elkartasuna azaldu nahi diegu kaltetuei. Etxe kaleratzeak geratzeko eta alokairu soziala sustatzeko herri ekimen legegilea dinamizatuko dugu kristauen artean".