Gipuzkoako Foru Adundiak atzo, astelehena, aurkeztu zituen datorren ekitaldirako aurrekontuak, eta iragarri du eguenetik aurrera herritarrei zuzenean aurkeztuko diela proposamena, eskualdekako bileretan.
Gure ibarrari dagokionez, Bergaran egin dute hitzordua, azaroaren 27an, Zabalotegi aretoan, 19:00etan.
Diru-sarrerak, gastuak eta baloreak
Aurkeztuko duten aurrekontu horren ildo nagusiak hiru dira:
1- Diru sarrerei berebiziko garrantzia ematen diote eta orokorrean, zuzeneko zergen pisua ia puntu bat igoko dute (%43,06tik %44,06ra), zeharkako zergen kalterako (%50,71tik %49,61era). "Horrek esan nahi du Gipuzkoako zerga sistema progresiboagoa dela", Diputazioaren esanetan.
2- Gastuetan, zorpetzea kontrolatu egin gura dute. "Gutxiago eta hobeto gastatu" filosofia erabiliko du Diputazioak oinarri. Besteak beste, puntu honetan iragarri du gastu politikoen jaitsiera nabarmena izango dela, esaterako, ekintza ofizialetan eta protokoloan %50eko jaitsiera ezarri gura du. Eta puntu honetan iragarri du, gainera, "inbertsio publikoak handitzeko ahalegin berezia" egin duela eta "inbertsio errealak %20 igoko" direla; kopurutan, 93,8 milioi euro.
3- Horrekin batera, iragarri du "aurrekontu aurrerakoiak osatzeko, Gobernu Porgramaren baloreak oinarri" hartu eta horiek garatu egin gura dituela: "elkartasuna, berdintasuna, aniztasuna, parte-hartzea…"
Hala, balore horiek abiapuntu, Aldundiaren gizarte politikak "ia aurrekontuaren erdia hartzen du: %48,10. Besteak beste, jakinarazi dute "etxe kaleratzeen aurkako dinamika zehatzak" aurreikusi dituela Aldundiak 2013ko aurrekontuetan.
Eta beste ildo pare bat aipatzearren, batetik, garraio publikoaren arloan, "Aldundiak autobus bidezko zerbitzua hobetzen eta egokitzen" jarraitzeko asmoa erakutsi du. Erronka nagusi batekin: "Txartel bakarra martxan jartzea, gipuzkoarrak txartel bakarrarekin eta tarifa berekin edozein garraiobidetan herrialdeko edozein garraiobidetan erabiltzeko aukera izan dezaten".
Eta bestetik, parte-hartzearen garrantzia ere nabarmendu du Diputazioak: "Bizkarrezurra da aurrekontu hauetan, eta programa guztietan txertatuta dago, udalekin, eragileekin, langileekin, herritarrekin parte-hartzea eta partekatzea".