Ezker abertzaleko hainbat arlo eta belaunalditako militanteak izan ziren aurkezpenean; besteak beste, Pernando Barrena, Maribi Ugarteburu, Tasio Erkizia, Txelui Moreno, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Joseba Permach… eta tartean baziren ezker abertzalearen ordezkari debagoiendarrak ere: Maite Aristegi, Agurne Barruso eta Ibai Redondo bergararrak, Xabier Zubizarreta eta Ino Galparsoro arrasatearrak edota Karmele Agirregabiria eskoriatzarra, besteak beste.
"Fase politiko berria Euskal Herrian iraultza demokratikoa egiteko baliatu behar dugu", adierazi zuen Barrenak. Bide horretan, "lehentasunezkotzat" jo zuten Euskal Herria subjektu politiko gisa onartuko duen eta erabakitze eskubidean oinarrituko den esparru demokratikoa lortzea, eta ezinbestekotzat jo zuten "herritarren parte hartzea bermatuko duen gizarte eta instituzio eredua" bultzatzea.
Horretarako bitarteko izan nahi du antolakunde berriak, Barrenaren hitzetan: "Sortuk ez dio lekurik hartzen utziko ez neoliberalismoaren goroldioari, ez eta Espainia eta Frantziaren herdoilari. Aurrez aurre izango gaituzte; zin egiten dugu". Horrela, bere burua ezkertiar eta independentistatzat duen eta Zutik Euskal Herria ebazpena bere egiten duen oro gonbidatu dute prozesuan parte hartzera, "aurrez ezker abertzaleko kide izan edo ez".
Iazko otsailaren 7an aurkeztu zituen Sortuk bere estatutuak, eta joan den ekainaren 20an legeztatu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalak.
Informazio gehiago hemen.