Martxelo Rubio: "Hasieran ez nintzen aktore sentitzen, jolasa zen niretzat"

Txomin Madina Milikua 2012ko aza. 15a, 01:00

'27 ordu' filmean ezagutu genuen donostiarrak eskarmentu handia du Goenkale-n; domekan Oñatin egongo da, bakea lortzeko egindako sukalde lanari buruzko Su Txikian obrarekin

 1. Josu Jon Imaz eta Thierry zara Su Txikian-en. Erronkei beti baietz?

Beldurra eman arren, bai. Erronkak onak dira gauzak gainditzeko; hazteko eta handitzeko. Eskaini zidatenean oso interesgarria iruditu arren, bertigo apur bat ere eman zidan: gai potentea da eta begi asko izango ditugu gainean.

2. Eta zeinen azalean erosoen?

Biak bideoak ikusiaz prestatu ditut. Aktore moduan, egiteko akaso politagoa da Thierry. Kartzelara bisitan doan aita baten papera ere egiten dut: txikia da, baina oso-oso gustuko dut. 

3. Antzezlan dokumentala ei da. 

Ez dakit izena ondo jarrita dagoen. Dokumentala da, dokumentu asko dagoelako, baina Galder [Perez, zuzendaria] ahalik eta gehien antzerkira eramaten saiatu da. Datu asko egon arren, gatazkarekin eszena asko daude.

4. Zein da gakoa horrelako antzezlan batek funtzionatzeko?

Jakingo banu, ekoizle bihurtuko nintzateke! Uste dut honetaz hitz egiteko garaia dela eta morbo puntu bat ere baduela. Lan asko egin dugu eta talde giro ona sortu da.

5. 20 urterekin, 27 ordu filma. Interpretazioan lehen aldia izateko, ez dago gaizki!

Batere gaizki! Alderantziz hasi nintzen: sekulako zuzendari, gidoi eta produkzio-etxearekin. Zortea izan nuen; orduan ez nintzen aktore sentitzen, jolasa zen niretzat.

6. Jarraitzen duzu harremanetan Banderas eta Verdurekin?

Lehen; bai; egun, ez. Maribelekin, Madrilen ikusiz gero, oso harreman ona dut. Antoniorekin bere garaian oso harreman ona neukan, baina orain beste mundu baten dago.

7. Goenkale-n Jon Kepa izaten hasi zinen, ETBko lehenengotako homosexuala. Inoiz arazorik?

Ez. Proposatu zidatenean esan genuen homosexual normala egingo genuela, karikaturizatu gabea. Oso argi genuen hori, eta zentzu horretan zerbait ona egiten ari ginela sentitzen genuen.

8. Orain Kandido zara. Ez da arraroa egiten telesail berean bi pertsonaia egin izana?

Hasieran, apur bat; kontua da bien artean denbora luzea pasatu zela. Itzultzean, jendeak gogoratzen zuen: Behobia korritu nuen, eta Kandido eta Jon Kepa, biak esanaz animatzen ninduten.

9. Heldu al zaizu aktore moduan guztiz aseta utzi zaituen lanik?

Nahiko aseta bai: El amigo de John Wayne eta Nacidos culpables lanetako pertsonaiek. Amestutako lanik? Akaso Hamlet, baina zaila iruditzen zait.

10. Realarekin, aurten, sufritzea edo gozatzea tokatuko da?

Gozatzea espero arren, badirudi ezetz! Bigarren zatian hobetuko da. Txikitatik naiz Realzale amorratua; neskalagunari esaten diot gaixotasun kronikoa dela. 

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Gustatuko litzaidake munduko arma guztiak kulturarekin zerikusia duen zerbait bihurtzea: pistola bat, gitarra, esate baterako; edo tanke bat, pelikula. Gerrak amaitzea gustatuko litzaidake, eta kultura gehiago egotea".

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak