Su txikian izeneko antzezlana ekarriko du Glu Glu antzerki konpainiak domekan Oñatira. Egun, Euskal Herriak bizi duen momentu historikoarekin lotura zuzena duen antzezlana da, Jesus Egiguren sozialistak eta ezker abertzaleko Arnaldo Otegik bake prozesua lortzeko izan dituzten elkarrizketak jasotzen baititu.
Txillarre baserrian
2001. urtean hasi ziren Egiguren eta Otegi elkarrizketa sekretuak izaten Elgoibarko Txillarre baserrian. Han esandakoak eta horrek egun bizi dugun egoerara heltzeko bidean izan duten garrantzia taularatuko du Glu Glu konpainiak, lorpen eta frustazio guztiekin.
Debagoieneko saio bakarra
Galder Perez da antzezlanaren zuzendaria eta zazpi aktorek zapalduko dute taulagaina. Joxe Mari Carrerek, esaterako, Jesus Egigurenen papera antzeztuko du; Gabriel Ocina Arnaldo Otegi izango da eta Mañu Elizondo eta Martxelo Rubio aktoreak ere ikusiko ditugu, besteak beste, Rodolfo Ares edo Josu Jon Imazen larrutan.
Hilaren 6an estreinatu zuten antzezlana Azpeitian, eta Lasarte eta Elgoibarren egon ostean etorriko dira Oñatira. Eta Oñati da Debagoienean antzeztuko duten herri bakarra, urtea bukatu bitartean. Emanaldiak domekan izango dira, 18:00tan euskaraz eta 20:30ean gazteleraz. Sarrerak salgai daude www.barrabarra.eu helbidean.