Iritsi da bailaratik kanpora Debagoieneko kirolari gehien erakartzen duen kirol hitzordua, Behobia Donostia. Iaz 515 debagoiendar iritsi ziren helmugara –Ritxar Fernandez (01:07:40) eta Kristina Goirizelaia (01:19:21) izan ziren azkarrenak– eta aurten ez dugu bailarako ordezkaritza txikiagoa espero.
Norbaitek esango du gureko ordezkariek iaz egindako markak ez direla ikusgarriak. Eta egia da, izan dira horretarako urte hobeak, marka onak egiteko, alegia; iazko lasterketa askorendako infernua izan zelako. Izan ere, gureko atleta finenak ere larri ikusi genituen, hego haizearen eta tenperatura altuen erruz jota, erabat jota. Domekan, helmugan iazkoak baino aurpegi hobeak ikustea izango da lasterketa kubritzera joango diren Goienako lankideen helburuetako bat –Astelehenean Harmailatik saio berezia izango da (22:00), eta paperean eta sarean jasoko ditugu gureko atleten denborak.
Helburuak moldatu
Iaz lezio galanta ikasi zuen batek baino gehiagok, hau da, jakin egin behar dela helburu zorrotza moldatzen, eguraldia edo beste faktoreren bat kontran badago.
Zapatila berriak, astelehenean
Eta Athloneko kirol mediku Alberto Garaik Arrasate Irratiari gogorarazi moduan: "Ohiko entrenamenduetan erabilitako arropak erabili lasterketan, eta pentsatu ere ez egunean bertan zapatila berriak estreinatzea; hobe arropa zaharrekin, gorputzera eginda dauden horiekin".