Kooperatibek gauza serioak bakarrik ez, ondo pasatzekoak ere antolatzeko gai direla erakutsi nahi dute. Urte osoan jardun dute Euskal Herriko kooperatibek euren urtea ospatzen –Nazio Batuen Erakundeak Kooperatiben Urtea aitortu zuen 2012a–, eta, bukatzen doan honetan, jendearekin batera ospatu nahi dute. Horretarako, kooperatibistak eta haien familiak zein kooperatibista ez direnak gonbidatzen dituzte etzi, domeka, Durangon egingo duten jaialdira. Konfekoop federazioan batzen diren kooperatibek antolatu dute. Ume eta helduendako ikuskizunak, musika eta dantza, jatekoak eta edatekoak… izango dira.
Hiru ekitaldi nagusi
Hiru ekitaldi dira azpimarragarrienak: Irrien Lagunen emanaldia; Hostoak ikuskizuna; eta nekazaritza eta elikadura kooperatiben azoka, doan dastatzeko produktu batuzekin: Gernikako piperra eta beste produktu batzuk (Barrenetxe), okela (Urkaiko), txakolina (Talleri), Bastidako eta Lapueblako ardoa… Beraz, Debagoienetik joaten direnendako, aukera ona izan daiteke bailaran hain zabalduta ez dauden kooperatiba mota batzuk ezagutzeko.
Beste ekitaldi garrantzitsu bat, herri bazkaria, kooperatibek ekoizten dituzten produktuekin egingo dute, gehienak Eusko Labeldunak, eta Debagoieneko Ausolan kooperatibak prestatuko du. Hori da ordaindu beharko den ekintza bakarra, baina krisi garaiko prezioak ipini dituzte: 6 euro umeendako eta 12, helduendako. Aurrez izena eman behar da, leku-kopuru mugatua dagoelako: 902 09 58 58.
Denetara, 37 kooperatibak hartuko dute parte domekako jaialdian; tartean daude bailarakoak, hala nola Garaion, Eroski, Euskadiko Kutxa, Danobat, Fagor, Goiena eta Lagun Aro.
Umeendako armosua
Ekintzak Landakon eta Plateruena aretoan izango dira. Jaia 10:30ean hasiko da: ateak irekitzearekin bat, umeendako tailerrak eta puzgarriak hasiko dira eta nekazari-elikagaien azoka irekiko dute. Ipuin kontalaria eta gero, Garaion Kooperatiba Elkarte Txikiak ludoteka sortzailea egingo du. Segidan, Kaikuk armosatzen emango die umeei.
12:00etan ailegatuko da beste ekitaldi nagusi bat: Irrien Lagunak. Bitartean, helduek urtean zehar jokatu duten mus txapelketaren final-laurdenak eta final-erdiak egingo dituzte. Bikote asko apuntatu ziren, eta zortzi ailegatuko dira domekara. Covila upategiak emango ditu sari batzuk.
16:00etan, Ganso & Cia kooperatiba txikiak Mediopelo antzezlana egingo du; eta mus txapelketako finala jokatuko da. 18:00etan, DJ Oihan Vegak denondako dantzaldia girotuko du.
Plateruenean bi ekintza izango dira: 17:00etan, Txalap.Art kooperatibak ekoiztutako Hostoak kantu, musika eta dantza ikuskizuna, Kukai, Amaren Alabak eta Oreka Tx taldeekin; eta 18:30ean, mus txapelketako sari banaketa eta Eroski Bidaien zozketa.
Potentzia ekonomikoa
Konfekoopen arabera, 1.000 milioi bazkide eta 100 milioi lanpostu ditu kooperatibismoak munduan. Munduko 300 kooperatiba handienek batera fakturatzen dutena kontuan hartuta, munduko 9. indar ekonomikoa izango lirateke.
Egun osoko eskaintza DurangonLandako:
Plateruena:
|