AHTren aurkako baraualdia Debagoienean

Goiatz Arana Begiristain 2012ko aza. 8a, 15:40

Mugitu! AHTren aurkako desobedientzia mugimenduak AHTren aurkako hiru asteko baraualdia egingo du, 'AHTk platera hutsik uzten digu' lelopean. Ekimena zapatuan, azaroak 10, hasiko da Bilbon, eta hiru herrialdetan burutuko da; Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, bakoitzean aste beteko baraua egingo dute. Batetik besterako bidean, bi egun egingo dituzte Debagoienean: 17an Antzuolan eta 18an Arrasaten.

Azaroaren 10ean Bilbon hasita, Bizkaiak Gipuzkoari pasako dio lekukoa azaroaren 17tik 24rako astean eta, azkenik, Nafarroak hartuko du hirugarren baraualdi txanda azaroaren 24tik abenduaren 1erako astean. Juan Gorriti nafar eskultoreak Lurmalko zurezko irudia ipini dio ekimenari, eta irudi hori herrialde batetik bestera pasatuko duten lekukoa izango da.

Mugitu! mugimenduak AHTren aurkako ekimen desobediente honetan parte hartzeko deialdia luzatu die herritarrei, bai barauan bertan parte hartuz, bai hiru astez herri desberdinetan burutuko diren salaketa eta eztabaida ekimenetan esku hartuz: Bilbon, Basaurin, Galdakaon, Durangon, Antzuolan, Arrasaten, Donostian, Zizurkilen, Anoetan, Tolosan, Sakanan, Tafallan eta Iruñean.

AHT gelditzeko helburuarekin, makina bat protesta, elkarretaratze, parodia, hitzaldi… egingo dituzte, hainbat talderekin elkarlanean: 15M, Langabetuen Asanblada, EHNE eta EILAS sindikatuak, osasungintzako langileak, ikasleak, jubilatu elkarteak, kalteturiko herrietako auzokideak…

Azaroak 17, zapatua, Antzuolan

  • 12:00etan, Antzuolako plazan, Bizkaiko grebalariei ongi-etorria eta Gipuzkoako baraualdiaren hasiera.
  • 15:00etan, gaztetxean, mendi buelta informatiboa: AHT, errota, Durango-Beasain.
  • 18:00etan, gaztetxean, eztabaida irekia: AHT, desobedientzia eta gazteak

Azaroak 18, domeka, Arrasatera 

  • 12:00etan, Antzuolako plazatik aterata, Antzuolatik Arrasaterako bizikleta-martxa. (12:15ean Bergarako Gaztetxean eta 12:30ean Elorregiko bide-gurutzean).
  • 13:00etan, Arrasateko Biteri plazan, martxaren bukaera eta argazki desobedientea.
  • 17:30ean, Arrasateko Gaztetxean, bideo-emanaldia eta eztabaida: The Yes Men.

'AHTk platera hutsik uzten digu' 

AHTk platera hutsik uzten digu leloarekin, hainbat salaketa egin gura dituzte: "Abiadura handiko lerroen eraikuntza lehenesteak dakartzan kalte ekologiko, sozial eta territorialak, biztanlegoaren gehiengoaren oinarrizko eskubide sozialak bermatu gabe dauden bitartean; AHTren koste ekonomiko itzelak suposatzen duen abiadura handiko hipoteka; nekazal eta abeltzain ustiapenen suntsiketa…".

Horrekin batera, mugimendutik salatu dute, krisia tarteko, lanekin jarraitzea gero eta zailagoa den arren, agintariek ez dutela erakusten atzera egiteko asmorik eta, beraz, garrantzitsua dela mobilizatzen jarraitzea: "AHTren sustatzaileak egundoko dilema batean daude, gaur egungo egoera ekonomiko larriak inposaturiko lan honekin jarraitzea egunetik egunera zailtzen baitoa. Hala eta guztiz ere, mobilizazioei berrekiteko garrantzia nabarmendu nahi dugu, gobernuek maila honetako odoluste izugarria gelditzeko inongo asmorik ez dutela ikusten baitugu. Leku honetara helduta, desobedientzia eskubide bat izatetik betebeharra izatera pasatu da".

Informazio gehiago

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak