Joan den astean egin zuten bilera Gipuzkoako udaletako ordezkariek Aldundiaren Ogasun arduradunekin, eta bertan udalei jakinarazi zitzaien 22,7 milioi euro itzuliko beharko zituzte udalen finantziazio funtsera.
Urte hasieran egindako aurreikuspenen arabera banatzen die Aldundiak dirua Udalei; aurten baina, aurreikusitakoa baino diru gutxiago batu du aldundiak zerga bidez, eta ondorioz, udalek jaso zutenaren zati bat itzuli beharko dute.
Debagoieneko udalei dagokienez, denera 1.940.791 euro itzuli beharko dizkiote Aldundiari. Proportzioan egingo dute itzulketa: hala, Arrasate izango da gehien itzuli beharko duena, 686.706 euro. Gutxien Leintz Gatzagak itzuli beharko du: 12.229 euro, hain zuzen ere.
Udalen finantzazio fondora itzuli beharrekoa:
| Antzuola |
67.098 euro |
| Aretxabaleta |
208.557 euro |
| Arrasate |
686.706 euro |
| Bergara |
461.147 euro |
| Elgeta |
35.094 euro |
| Eskoriatza |
126.835 euro |
| Leintz Gatzaga |
12.229 euro |
| Oñati |
343.125 euro |
| Debagoiena |
1.940.791 euro |
Kupoa finantzatzeko orduan Diputazioaren eta Espainiako Gobernuaren artean egoten diren desadostasunek gainera, izango dute euren eragina udalen finantziazioan. Zentzu horretan, Ogasuneko ordezkariek jakinarazi zuten 10,5 milioi euro kolokan daudela, eta ondorioz, alkateek kontuan hartu beharko dutela aurreikuspenak egiteko.
Albiste denak baina, ez ziren txarrak izan udaletako ordezkarientzat. Opor fiskalen inguruan berriki hartutako erabakiaren ondorioz, udalerriek 2,3 milioi euro jasoko dute. Eta 2013ra begira, Aldundiak aurreikusten du gauzak hobetu egingo direla eta Udalak Finatzatzeko Funtsean 19,2 milioi euro gehiago jasoko dituztela.