Batzar Nagusiak eta Garitano ados etorri ziren aurrekontuak onartzeko prozesuaren epeak denon artean ezartzeko, alderdiek ere euren iritzia eman ahal izateko. Horrela proposatu zien Garitanok Batzar Nagusietako alderdiei, kontuan hartuta, Euskal Finantzen Kontseiluaren bilera atzeratu egin zenez, aurrekontuak aurkezteko prozesu osoa atzeratu eta egokitu behar izan dela.
Gipuzkoako Foru Aldundiak esan duenez, aurrekontu "onak" prestatzen ari da, eta "gipuzkoarren ongizatea izango dute ardatz". Aldundiak "garrantzitsutzat" du aurrekontuak onartzea eta "are gehiago gaur egungo krisi ekonomiko egoera kontuan hartuta", esan du erakundeak. Izan ere, "aurrekontuak onartzeak aukera emango lioke Aldundiari gizarte politikak indartzeko eta krisiari aurre egiteko hainbat neurri hartzeko, gipuzkoar guztien onurarako".
Horregatik, Batzar Nagusietako alderdi guztiei deia egiten die Aldundiak "arduraz" joka dezaten, lehenengo, aurrekontuen negoziazio epeak adostuz, eta gero, "aurrekontuen edukiez jarrera irekian hitz eginez", esan du Foru Aldundiak.