Garraio publikoaren erabilera intentsiboa sarituko du sistema berriak, orduan eta gehiago erabili orduan eta deskontu handiagoak aplikatuz. Deskontuak %45 eta %90 artekoak izango dira eta, horiez gain, beste hobari batzuk ere izango dira familia ugarientzat, gazteentzat, 65 urtetik gorakoentzat edota urritasunen bat dutenentzat, zehaztutako errenta gainditzen ez duten kasuetan beti ere. Laburtuz, sistema berriak txartelaren garestitzea ekarri dezake garraio publikoa noizean behin erabiltzen dutenentzat; aldiz, saritu egingo ditu bezero fidelenak.
Lehena EAEn
Aurkezpenean azaldu zutenez, Gipuzkoan martxoan funtzionatzen hasiko den txartel berria ordainketa sistema integratudun bakarra izango da EAEn, eta txartel berak balioko du Lurraldebuserako, Eusko Trenerako nahiz Donostia, Errenteria eta Irungo herri barruko garraio publikorako (Dbus). Gipuzkoako garraio publikoaren laugarren adarrak, Renfek, ez du oraingoz ordainketa integratudun sistemaren gaineko erabakirik hartu; Lurraldebus txartela maiatzetik erabili daiteke aldirietako txartelak erosteko, baina ez dirudi, oraingoz behintzat, prezio, deskontu eta hobarien sistema integratuarekin bat egingo duenik.
Deskontuak %45etik %90era
Sistema berriak 60 milioi bidaiariri eragingo die urtean, Gascok azaldu zuenez. Igarriko dituzten aldaketei dagokienez, Lurraldebuseko erabiltzaileen kasuan, orain arte 40. bidaiatik aurrera egiten zitzaizkien deskontuan eta aurrerantzean 20.etik aurrera egingo zaie.
Bidaia bakoitzeko 1,60 euro ordaindu beharko dira, baina txartel bakarra izan eta erabiliz gero prezioa 0,88 eurokoa izango da lehen bidaiatik -%45eko deskontua aplikatuko da–; 21. bidaiatik 50.era, deskontua %56koa izango da eta ordaindu beharrekoa 70 zentimo; eta 51.etik aurrera, deskontua %90ekoa izango denez, erabiltzaileak soilik 16 zentimo ordaindu beharko ditu bidaiako.
Lurraldebus txartelaren jabeek txartel hori bera erabiltzen jarraitu ahal izango dute martxotik aurrera; aldiz, ez dutenek eta ordainketa sistema integratuaren abantailez gozatu gura dutenek Mugi izena izango duen txartel berria eskuratu beharko dute.