"Uda aurretik hipotekari aurre egin ezinean zebiltzan hiru kasu genituen, eta dagoeneko hamar bat izango dira. Alokairua ordaindu ezinda dabiltzanak, berriz, 15 bat familia badira dagoeneko". Arrasateko datuak dira horiek, Caritasek dituenak. Baina Debagoien osora estrapola daitezke.
Horazio Argaratek, Arrasateko parrokoak eta Caritaseko arduradunak esandakoaren arabera, bereziki, alokairuak eta hipotekak ordaindu ezinda daudenen kopurua da handitu dena.
Alokairuen kasua
"Alokairua ordaintzeko laguntza eske datozenekin lehenengo ahalegintzen gara Jaurlaritzako diru-laguntzetara bideratzen. Horiek lortu bitartean, dirua aurreratu egiten diegu, gero bueltatuko delakoan. Beti ez da horrela izaten zoritxarrez, badakizu, zorrak dituztenekin arrisku hori dago. Beste batzuek, berriz, egoera administratibo zaila dute zorrak dituztelako epaitegi edo seguritate sozialekin, eta ezin dituzte dirulaguntzak eskatu. Horiei musu-truk ematen diegu dirua eta irtenbide bila segitzen dugu. Halakoak askotan dira bertakoak, dirua izan dutenak, baina dena gaizki joan zaienak, eta orain alokairua ordaindu ezinda daudenak".
Hipoteketarako 600 euro, batez beste
Hipoteken kasuan, berriz, "Elizbarruti mailan, Gipuzkoan diru poltsa dugu sortuta halakoei aurre egiteko. Arrasaten fondo horretatik lau familia dabiltza jasotzen. Hilero batez beste familia bakoitzari 600 euro ematen diegu. Batzuei gehiago eta beste batzuei gutxiago. Bakoitzaren hipotekaren eta diru-sarreren arabera ematen diegu dirua".
Etorkinak, larriago eta ugariago
Eta orokorrean, etorkinen kasuak lehenagotik ere ugariak bazirenak, larritzen dabiltzala orain adierazi du Argarate parrokoak. "Kinka larrian geratu diren atzerritarrak dira, orain arte lanean edo "sasi lanean", beltzean kobratzen, ibili diren pertsonak baina dagoeneko babesik gabe daudenak.
Asko Espainiatik hona etortzen ari dira. Beste autonomiatan murrizketa handiak gertatu dira, eta hemen oraindik ere zerbitzuak ematen ari direnez, boladaka etortzen dira: sahararrak, hegoamerikarrak, Valentzia ingurutik asko, hango laguntzetatik bizi ziren asko sakabanatu egin dira-eta.
Familiak etortzen dira irtenbide bila. Familiako edo ezagunen etxeetara etortzen dira batzuk, eta Arrasaten, Polmetasa inguruan koadrila handia elkartzen da. Hemen geratzeko biderik ikusten ez badute, pare bat astera-edo joan egiten dira.
Bailarako herri guztietan gertatzen da hori, Caritaseko lankide guztiek esaten dute. Kalean, adibidez, ikusten da jendea edukiontzeietan jana topatzen. Bereziki atzerritarrak izaten dira", dio Argaratek.