Gorka Aginagalde: "Niretzat umoreak ez du mugarik, eta ez du izan behar"

Txomin Madina Milikua 2012ko azaroaren 8a

Agertokietan Cotillas obrarekin ikus dezakegu gasteiztar polifazetiko hau, baita Losdelgas taldearekin abesten ere; eta telebistan, Luna, el misterio de Calenda telesailean.

1. Nolakoak dira Cotillas-en kontatzen dituzuen txutxumutxuak? Esklusibarik?

Ez, ez dago esklusibarik! Baina hortxe gabiltza, beti hitz egiten: bi pertsona elkartzean, hirugarren bati buruz egingo dute berba. Erregeari, emazte eta gizonei, animaliei... buruz hitz egiten dugu obran.

2. Zein da umorearen muga?

Niretzat ez du mugarik, eta ez du izan behar. Beti diot bufoia naizela: lehen bufoiak erregearen kontra egin, eta honek barre egiten zuen. Abantaila daukagu hor, baina aprobetxatu egin behar da. Garaiotan barre egin behar da, eta zirikatu.

3. Antzerkian barrea, telebistan beldurra. Zelan bizi zara gizotso artean?

Oso gustura. Lanean talde ona gaude, gidoiak ere ondo daude eta emaitza ona da. Niretzat errazagoa da drama egitea: ia ez duzu ezer egin behar, aurpegia ipini bakarrik [barreak]. Umorea zailagoa da.

4. Bigarren denboraldian argituko al da Calendako misterioa?

Errodajean bertan ere sekulako misterioa dago; gidoilariek ez dute ezer esaten. Hamazazpigarren kapituluarekin gabiltza, eta ez digute ezer kontatzen; ez niri, ez inori.

5. Ingurukoak saiatzen dira informazioa ateratzen?

Bai, beti gertatzen da hori, normala da. Baina ez diet kontatzen; ikusteko esaten diet.

6. Zergatik ez zaitugu gehiago ikusten euskaraz lanean?

EGA ateratzera joan behar naiz! [barreak]. Alaba txiki bat daukat, eta eskerrak berarekin hitz egiten dudan! Egin dut antzerkia, baina gehiago kostatzen zait. Baina egin behar dut, eta egingo dut.

7. Airbag eta gero, ezagutu zaituzte Guardia Zibilen kontroletan?

Bai, izan kontutan bost film egin ditudala Guardia Zibil moduan. Militarra ere izan naiz, polizia... Ertzaina izatea falta zait! Ezagutu nautenean, ondo hartu naute. Baina urrun hobeto!

8. Losdelgasen kontzertuetan ere trikornioarekin agertzen zara. Konfesatzeko trauma berezirik?

Ez, traumarik ez. Baina lehen esan bezala, bufoiak gara eta estamentuekin sartu behar da. Boteretsu guztiei egurra eman behar zaie.

9. Talde ganberroa zaretela esatea, gutxi esatea da...

Belarria duen aktorea naiz, sekulako pribilegioa da lau musikari bikain horiekin egotea. Ganberroak bagara, baina lehenengo, musikariak. Ikusi nahi ditugun kontzertuak egiten ditugu: rock and rolla, dantza, barreak... Sekulako festa!

10. Antzerkian zabiltza, telebistan, musikan... Zuk zeuk zertan nabaritu duzu krisia?

Denetan! Gauzak ez ditut horrela inoiz ikusi. Horregatik nabil hainbeste gauzatan: ez didate ondo ordaintzen! 

-----------------

Makila magikoa baneuka: "Makila magikoarekin gosea kenduko nuke. Harrigarria da 2012an egonda, 2013ra bidean, oraindik zenbat jende dagoen jateko barik. Eta bestela, makila magikoa borra moduan erabiliko nuke eta batzuei sekulako ostia emango nieke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak