Bizikidetza eta berradiskidetze kultura bultzatzeko ikastaroa, Arrasaten

Ubane Madera 2012ko azaroaren 4a

Baketik-ek "bizikidetzaren ikuspegi eraikitzailea partekatzea eta bultzatzea helburu duen" ikastaroa prestatu du Gipuzkoarako. Lau lekutan egingo dute aldi berean: Arrasaten, Donostian, Eibarren eta Tolosan. Bihar zortzi hasi eta hurrengo hiru astelehenetan landuko dituzte ikastaroko hiru modulu, besteak beste, Kulturaten. Ikastaroa doan da.  

Bost eduki edo arlo aztertuko dituzte: pertsona, gatazka, berradiskidetzea, egitasmoa eta heziketa. Aurreneko hiru arloak ikastaro eran landuko dituzte, moduluka, azaroaren 12an, 19an eta 26an, Arrasateko Kulturaten, 18:30etik 21:00etara. Eta azken biak, berriz, tutoretzapean eta bateratze lan eran, abenduan.

Une zailen aurrean, bizikidetza

Ikastaro hau antolatzeko arrazoiak gaurko testuinguruan kokatu dituzte Baketik-etik: "Une historiko zaila eta delikatua bezain garrantzitsua eta erabakigarria bizitzen ari gara. Testuinguru honetan geure gizarteak bizikidetzaren ikuspegi eraikitzailea partekatzeko eta bultzatzeko beharra dauka. Hauxe da formazio-programa honen zergatia eta helburua. Zergatiak partekatzeko beharrarekin du zerikusia, helburuak ikuspegi eraikitzaile hori bultzatzeko erabakiarekin du zerikusia".

Bakea oinarri

Oro har, baina, "helburu nagusia da gizartean bizikidetza eta berradiskidetze kultura berria" bultzatzea. Eta helburu zehatza, berriz, "gizarte, politika, erakunde, udal, elkarte, gazteri, hezkuntza edo komunitate mailan erantzukizunak dituzten ehundik gora lagunei formazio teorikoa eta praktikoa eskaintzea, bakean oinarritutako bizikidetza eraikitzaile baterako".

Irakasle, begirale, arduradun…

Ikastaroa doan da, eta "bizikidetza-kontuetan kezkak dituen edozein pertsonari dago zabalik. Bereziki, irakasleei, aisialdiko begiraleei, elkarteetako arduradunei, udal teknikariei, gizarte hezitzaileei, gizarte langileei eta bizikidetza-kontuetan erantzukizuna duten kargudunei, politikariei edo profesionalei". 

Izenematea

Izena eman gura duenak hiru bide ditu: 943 25 10 05 telefonora deituta; info@baketik.org helbidera idatzita edo wwww.baketik.org atarira sartuta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak