Odol emaile gehiago eta gazteagoak behar dira

Ubane Madera 2012ko azaroaren 2a

Odol erreserba onak lortu guran, dei berezia egin dute Gipuzkoako eta Arabako odol emaileen elkarteetatik odol emaile egiteko; bereziki, gazteei zuzendu diete dei berezi hori, "euren laguntza funtsezkoa delako". Gure ibarrean dauden hurrengo odol ateraldiak ere gogora ekarri dituzte herritarren parte-hartzea eskatzeaz batera: 

  • Bergaran, azaroaren 14an eta 28an, eta abenduaren 12an
  • Oñatin, azaroaren 9an eta abenduaren 14an
  • Elgetan, abenduaren 3an

Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, berriz, urrian izan dira odol ateraldiak egiten, eta datozen hitzorduak zehaztu barik dituzte. Eta Aramaioko odol emaileek 2013ko hasieran dute hurrengo ateraldia. 

Ia 2.500 emaile

Datu orokorrei begiratuta, Debagoienean 2.441 odol emaile daude gaur egun. Odol emaileen elkarteetatik diotenez, "behar dugun odol guztia lortzeko, nahikoa litzateke urtean 1.000 biztanleko 50 emanaldi izatea, horrela emaile bakoitzak urtean birritan emateko".

Bi elkarte

Gure ibarrean bi elkartek dihardute lanean: Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartetik Bergarara, Oñatira, Antzuolara eta Elgetara etortzen dira; eta Arabako Odol Emaileen Elkartekoak arduratzen dira, berriz, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Aramaioko odol ateraldiak egiteaz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak