Etxebideko prozedurak eta erregistroa aldatu egingo dira 2013an

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 31

Babeseko etxebizitzak eta alojamendu dotazionalak esleitzeko prozedurak eta Etxebideko erregistroa aldatu egingo dira urtarrilaren 2tik aurrera, gaur Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu den aginduaren ondorioz.

Agindu horren arabera, erosteko diren etxebizitzen zozketetara norbera borondatez inskribatu beharko da, eta norbaitek uko egiten badio adjudikatu zaion etxebizitzari, baja izango da erregistroan. Errentan hartzeko etxebizitzen kasuan, baremazio sistema erabiliko da haiek esleitzeko.

Araudiaren beste ondorio bat da, aurrerantzean, erosketa edo alokairuaren artean aukeratu beharko duela eskatzaileak.
Araudi berriak Euskadiko etxebizitza eskariaren "benetako premiei modu eraginkorrean" erantzun nahi dio, Etxebizitza Sailaren esanetan. Helburua da "prozedurak eta erregistroa arintzea, malgutzea eta erraztea", gaineratu dute arduradunek.

Lehen irizpidea, antzinatasuna

Baremazio sistemaren arabera esleituko dira alokairuko etxebizitzak edo alojamendu dotazionalak.

Baremazio irizpideak izango dira, lehentasun hurrenkeraz, honako hauek: inskripzioaren antzinatasuna, diru-sarrerak, erroldatzea, etxebizitza-premia bereziak (adimen eta garapen desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, guraso bakarreko familiak, genero-indarkeriaren biktimak, dibortziatuak edo legez bananduak, gerora sortutako arazoengatik etxea ordaindu eta ohiko bizilekurik gabe gelditu direnak, 70 urtetik gorakoak eta 30 urtetik beherakoak).

Sei hileko itxaron-zerrenda

Erosketa kasuan,  zozketa sistemaren arabera esleituko dira etxebizitzak. Kasu hauetan, eskatzaileak borondatez inskribatu beharko dira erabakitzen duten sustapenetan. Horrek, "zalantzarik gabe, gutxiagotu egingo ditu etxebizitzak esleitzeko gaur egungo zailtasunak", esaten du Etxebizitza sailak.

Sustapen bakoitzean itxaron-zerrendak sortuko dira, sei hilabeterako, eta behin horiek bukatuta, sustatzaileak zuzenean esleitu ahal izango dizkie babestutako etxebizitzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituztenei.

Automatikoki, baja

Etxebizitza eskatzaileen Erregistroko inskripzioak bi urterako balio izango du. Etxebidek garaiz jakinaraziko die inskribatuta daudenei epea bukatzear dagoela, hura berritzea nahi badute.

Norbaitek uko egiten badio esleitu zaion etxebizitza bati, erregistroan baja izango da, debekatu egingo zaio aldi batean berriz izena ematea eta, gainera, antzinatasuna galdu egingo du. Salbuespena egingo da etxebizitza erosketa araubidekoa bada eta eskatzailea edo bizikidetza-unitate eskatzaileko edozein kide langabezian geratzen bada gerora.

Etxebidek informazioa emango du

Agindu hori urtarrilaren 2an sartuko da indarrean, administrazioak sistema informatikoak araudi berrira egokitzeko astia izan dezan. Agindua indarrean sartu aurretik inskribatuta dauden pertsonei eta bizikidetza-unitateei aldaketen berri emango die Etxebidek, eta bi hilabeteko epea emango die egoki deritzoten aldaketak jakinarazteko, sarbide-araubideari eta eskaria egiten duten herriari buruzkoak, hain zuzen.

Bazterketa arriskuan daudenak, adin txikikoak…

Agindu berriak hipoteka betearazpenen biktima izan diren pertsonei erantzungo die.
Izan ere, adin txikiko seme-alabak dituzten familiei edo bizikidetza-unitateei, gizarte-bazterkeriaren arrisku larrian badaude, Etxebizitza sailak alokairuko etxebizitza bat esleituko die zuzenean. Gainontzeko kasuetan, lehentasuna izango dute alokairuko BOEak esleitzeko prozeduretan. Esleipen mota hau indarrean dago dagoeneko, Gainzorpetutako Familiei Laguntzeko Zerbitzua martxan jarri zenetik. Hain zuzen ere, dagoeneko Jaurlaritzak alokairuko sei etxebizitza esleitu ditu.

Etxebizitza sailaren esanetan, agindu horren helburua da "herritarren, botere publikoen eta babes ofizialeko etxebizitzen arloan diharduten eragileen esku tresna egokiago eta modernoagoak jartzea, erabakiak hartzea errazagoa izan dadin haientzat".

Horrez gain, "modu ahalik eta azkarrenean merkaturatu nahi dira, besteak beste, sustapen ezberdinetako babes ofizialeko etxebizitzak", eta berdin izango da lehen, bigarren edo ondorengo esleipenetakoak izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak