Herrirak presoen egoera salatzeko manifestazioa egingo du Baionan

Ander Monedero 2012ko urriaren 31

'Hurbildu bakera' izenpean preso eta iheslarien egoera salatuko dute, azaroaren 10ean, 15:30ean, Euskadunen plazan hasita. Debagoieneko hainbat herritatik autobusak aterako dira eta antolatzaileek eskatu dute txartelak ahalik eta azkarren hartzeko, autobus kopurua lehenbailehen zehazteko. 

Euskal preso eta iheslarien egora salatzeko eta Espainiako eta Frantziako gobernuek bakegintzan pauso bat emateko helburuarekin, Herrirak Hurbildu bakera lelopean azaroaren 10erako manifestazioa deitu du, Baionan. Frantziako Estatuan 135 preso daude, eta, hain justu, Hollanderen gobernuari espetxe politika aldatu, iheslarien egoera normalizatu eta euren eskubideak errespetatzeko eskaera egingo diote.

Sei puntu

Azaroaren 10ean Baionako kaleetan egingo den manifestazioan sei puntuz osatutako aldarrikapena egingo dute: presoak Euskal Herrira ekartzea, gaixotasun larriak dituzten presoak askatzea, bizi osorako espetxe zigorrak bukatzea, zigorraren bi herenak bete dituzten presoak askatzea eta Frantzian baldintzapean askatuak izan daitezkeen presoak kaleratzea, isolamendua bukatzea eta iheslarien aurkako jazarpenak bukatzea.

Herrirako ordezkarien esanetan, espetxe politika aldatzeko ezinbestekoa da Baionakoa bezalako ekimenek gizartearen babesa izatea. Begoña Usandizagak, Xabin Usandizaga presoaren arrebak, abuztuan Josu Uribetxeberria presoa askatzeko Donostiako ospitalearen aurrean egindako mobilizazioak izandako eragina eta presoen senideek jasotako babesa eskertu nahi izan du eta gizarteak indarra egiten duenean gobernuetan jarrera aldaketak sor ditzaketela nabarmentzen du.

Jarrera aldaketarik ez

Nahiz eta Aieteko adierazpenak urtebete egin, preso eta iheslarien senideek ez dute euren familiarren egoeran inolako hobekuntzarik antzeman, eta kasu askotan euren bizi baldintzak okerrera ere egin dutela salatu dute. Usandizaga presoaren kasua dela salatu du haren arrebak. Oñatiarra Jaengo espetxean dago, eta, azkenaldian, bizi izateko oinarrizkoak diren gauzen murrizketa jasan duela salatu du arrebak. Janari gutxi, oinarrizko erosketen murrizketak... Familiarengandik duten babesarengatik zigortu nahi dituztela dio Usandizagak.

Garikoitz Gartzia Arrietaren arrebak presoek ikasketak egiteko dituzten murrizketak ere salatu ditu. Presoek UNED bitartez egin behar dituzte ikasketak, baina Internetik ezin dutenez erabili, senideek presoek ikasketak egiteko informazioa, apunteak eta azterketak lortu eta bisitak aprobetxatzen dituzte informazio hori helarazteko.

Iheslarien kasua, berriz, bereziagoa da: bakoitzak egoera bat bizi du, eta, horren arabera, senideek baldintza hobeak edo txarragoak bizi dituzte. Itsaso Ruiz de Larrinagak aita du iheslari, eta haren bizi egoera normalizatu eta Euskal Herrian libre bizi izateko eskubidea eskatzen du.

Autobuserako txartelak salgai

Baionako manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte Debagoienean: 

  • Bergaratik: 10:30ean aterako da autobus geltokitik. Apuntatzeko zerrendak Euxebio eta Arranon daude. Oharra: bakoitzak bere bazkaria eraman behar du.
  • Oñatitik: Autobusa Olakua auzotik aterako da 12:00etan. Arrano eta Oñati tabernetan eman daiteke izena.
  • Arrasatetik: 13:00etan Garibain egin dute hitzordua. Iratin daude txartelak salgai, 10 eurotan.

Aretxabaletako Urbaltzen ere badaude txartelak.

Antolatzaileek txartelak ahalik eta azkarren hartzeko eskaera egin dute, autobus kopurua lehenbailehen zehazteko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak