Udalak finantzatzeko Foru Funtsari buruzko argibideak eman dizkiete Ogasuneko arduradunek Gipuzkoako alkateei

Amaia Garate 2012ko urriaren 30a

2012ko funtsetik 22,7 milioi euro itzuli beharko dituzte. 2013ko likidazioan 19,2 milioi gehiago jasotzea aurreikusten du Aldundiak.

Gipuzkoako alkateek eta Gipuzkoako Ogasuneko ordezkariek bilera egin dute Foru Aldundiaren egoitzan, udalak finantzatzeko 2012ko Foru Funtsaren prelikidazioa lehen eskutik ezagutzeko eta 2013ko aurreikuspenak ezagutzeko. Horrez gain, aurrekontuen egonkortasunari buruzko Foru Arau proiektua aurkeztu die Aldundiak alkateei. Bileran Gipuzkoako 50 udaletako ordezkariak izan dira.

Zerga-bilketaren bilakaeraren ondorioz, aurreikuspenak ez dira bete, eta ondorioz udalek 2012ko foru funtserako jasotako diruaren zati bat itzuli egin beharko dute: 22,7 milioi euro, guztira. "Itzulketa hori, dena dela, 2011koan gertatutakoa baino askoz txikiagoa izango da", nabarmendu du Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak. Orduan, 50 milioi euro itzuli behar izan zituzten udalek. Horrez gain, kupoaren inguruan sortutako desadostasunek ere beharbada eragin egingo diote 2012ko foru funtsari, eta likidazio negatiboa 10,5 milioi handiagoa izan liteke. Horrez gain, opor fiskalen ondorioz berreskuratutako diruaren bitartez, funtsak 2,3 milioi euro gehiago izango ditu.

"Behintzat, azaldu nahi diegu udalei zertaz hitz egiten ari garen kopuru hauei dagokienez, egin beharreko aurreikuspenak egin ditzaten", adierazi du Minerrek.

2013ko aurreikuspenei dagokienez, kopurua finkatuta dago, eta likidazioa positiboa izango da. 19,2 milioi gehiago jasoko dituzte udalek 2013ko aurrekontuetan. "Mezua positiboa da", adierazi du Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak. Izan ere, 2013ko zerga-bilketaren bilakaera hobea espero da. Kontuan hartu beharra dago udalei bideratutako aurrekontua handitzeko konpromisoa hartu zuela Martin Garitano diputatu nagusiak, eta 2012an %0,5 handitu dela udalei bideratutako aurrekontua eta datorren urtean ere gauza bera egingo dela. Konpromiso horren ondorioz, udalek zazpi milioi euro jasoko dituzte bi urtetan.

Itzuli beharreko 22,7 milioi euroak 2013an itzultzea planteatu du Aldundiak. Izan ere, aplazamenduak etengabe emanez gero, arazoa konpondu beharrean atzeratu egiten da.

Foru Arau Proiektua

Gipuzkoako Foru Aldundia Foru Arau proiektu bat lantzen ari da udalekin lankidetzan, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa, eta orain arte egindako lanaren berri eman diete Ogasuneko arduradunek alkateei. Udalek ekarpenak jarri dituzte mahai gainean eta Aldundiak proposamen hori onartzeko prozedurari ekin ahal izango dio orain.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak