Zerk bultzatu zintuen ikasketa horiek egitera? Zergatik aukeratu zenuen MU?
Zinemazalea izan naiz betidanik eta pelikula baten sorreran parte hartzearen ideiak asko erakartzen nau. Fikzioa dut gustukoen, nork bere burua soilik erabiliaz istorio bat sortzeko aukera ematen baitigu; ideia soil bat izatetik mundu bat osatzera igarotzen da, horregatik iruditzen zait horren interesgarria. Irratiko eta Interneteko euskarri asko gustuko ditut, eta orain arte ikasitakoarekin nahiko gustura nago.
Gustura zaude Aretxabaletako campus berriarekin?
Bai eta ez. Alde batetik, argi dago teknologikoki beste gauza bat dela; proiektore berriak, edizio gelak... noski, ez da oso handia eta liburutegia eta mailegu zerbitzua eskas samarrak dira, baina dena oso txukuna da, hori bai. Hala ere, egokia izango litzateke terrazaren bat edo eserlekuren bat kanpoan jartzea, parkingaren ondoko harri erraldoi horiekin dirua gastatu beharrean.
Praktikak egiteko leku ezberdinen artean, zergatik aukeratu zenuen Goiena?
Komunikabide euskalduna delako batez ere, eta lehenagotik aipatu zidaten zer edo zer Goienari buruz; gainera, familiako lotura bat badaukat bertan lanean. Bestalde, Arrasaten pisua hartzeko asmoa neukan, eta egoitza bertan dagoenez, joan-etorriak laburrak egiten zaizkit eta ikasteko denbora luzeagoa daukat.
Zein arlotan aritzea duzu gogokoen lanean?
Batez ere, kamera atzeko lanak. Kamera kontrolatzeaz gain, bideoak editatu, soinu teknikari moduan ibili, irratsaioren batean parte hartu... Hori praktikei dagokienez. Bestalde, telebista edo zinemarako eduki bat sortu eta zuzendu nahiko nuke (zuzendari, gidoigile...).
Debagoiena irudikatzen zenuen bezalakoa al da?
Egia esan, nik hasiera batean uste nuena baino bizitza handiagoa du bailarak. Arrasaten, batik bat, ikasle asko dabiltza, eta giro ona sortzen dute, ostegun arratsalde eta gauetan batez ere. Gainera, jaialdi asko antolatzen dira, Maritxu Kajoi Arrasaten eta Txomin Txapel Eskoriatzan, eta sortzen den giroa oso gertukoa eta atsegina izaten da.
Baina eremu urbanoa baino nahiago dut naturala. Debagoienak oso inguru politak dauzka, eta ez dago batere gaizki noizean behin txangoren bat egiteko.
Zinemaz gain, beste zaletasunik baduzu?
Musika oso gustuko dut. Egunero entzuten dut musika eta egunero jotzen dut gitarra pixka bat. Egia esatearren, ume mokoa nintzenetik nahi izan dut rock talde batean jo.
Honetaz gain, marraztea gustatzen zait, eta betidanik moldatu izan naiz horretan. Askotan esan didate oso ondo marrazten dudala, eta etekina atera nahiko nioke. Zeinek daki, agian egunen batean nire afizioak batu eta Pixar edo DreamWorks-en ariko naiz lanean [Barre].
Etorkizunean nola ikusten duzu zure burua?
Zaila da esaten. Gradua ateratzean, seguruena, zerbaitetan espezializatuko naiz. Badut kontuan Donostiako animazio akademia bat, edo baliteke zuzendari moduan masterren bat ateratzea, baina dirua eskatzen du. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, ez da erraza izango, baina esperantzarik ez dut galduko.
Orain gustura sentitzen al zara aukeratutako bidearekin?
Bai, oso. Klaseko gaiak, orokorrean, oso gustura lantzen ditut. Gustuko dudan zerbait ikasten ari naiz, lagun onak egin ditut...Hemen egoteagatik zorte handia daukadala uste dut.