Boluntarioen lana ez da ezer kostatzen eta asko balio du

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 30a

Lagun hurkoaren alde musu-truk lan egiteak oso ospe ona du, baina hitzetik ekintzetara pasatzea kosta egiten zaigula dio errealitateak. Hala, 2007. urteko Eurobarometroaren arabera, Europako Batasuneko herrialde kideetan, batez beste, biztanleen laurdenek zioten elkarteren batean parte hartzen zutela edo boluntarioak zirela; Espainian, %18k. Horrez gain, europarren %75ek erantzun zuten lagun hurkoari laguntzea eta borondatezko lana egitea garrantzitsua zela, euren iritziz. 

Baina, kontrako aldean, Europako gazteen %2ek bakarrik esan zuten denbora librean boluntario lanak egiten zituztela; aldiz, erantzunen arabera, boluntario ziren edo izan gura zuten gehienak erretiratuak ziren. Badirudi, hortaz, boluntario izateko joera krisian dagoela.

Horri buelta eman guran, Debagoienean diharduten bost elkartek indarrak batu dituzte eta jendea boluntario egin dadin animatzeko kanpaina egingo dute kalean. Parte hartu eta eraldatu du izena, eta Gurutze Gorriak, San Juan de Dios ospitaleak, Aita Menni ospitaleak, Hurkoak eta Nagusilanek egingo dute. 

Debagoieneko plazak eta azokak aukeratu dituzte horretarako. Lehenengo aldiz joan den zapatuan ziren agertzekoak, Aramaioko erretiratuen jaiko azokan. Hurrengo hitzorduak hauek izango dira, eguraldiak laguntzen dien neurrian: azaroaren 9an Eskoriatzan izango dira, eta 10ean, Oñatin. Gainera, eguraldi txarrak zapuztu zizkien beste hiru agerraldiak berriz antolatuko dituzte: Arrasateko azokan ibiltzekoak ziren urriaren 19an, Bergarakoan 20an eta Aretxabaletakoan 22an.

Aukeran, Telepizzan 

Orain dela urte gutxi batzuk, Gipuzkoako boluntario tasa zertxobait handiagoa zen: %10-12ren bueltan zegoen. Boluntario izatea krisian dagoen arren, horren arrazoia ez da 2007a ezkerotik mendebaldeko gizartean bizi den krisia; ez du hala uste, behintzat, Gizaldek, boluntario-lana sustatzeko eta laguntzeko Gipuzkoako elkarteak. Horko ordezkari Miren Gurrutxagak hauxe dio: "Krisiaren eraginez den? Ez nintzateke hori esatera ausartuko. Gaur egungo bizitza estiloan, besteen alde doan lan egitea ez dago modan. Ikastetxeetan boluntariotza ezagutarazteko programa bat daukagu, eta gazteengan ez da gogo hori ikusten; errazago ikusten dute Telepizzan ibiltzea pizzak banatzen, nahiz eta oso gutxi irabazi, boluntario izatea baino".

Horregatik, Parte hartu eta eraldatu kanpaina zabala, orokorra da, Gurrutxagak azaltzen duen moduan: "Elkarte horiek ez dira hain justu eurendako boluntario bila bakarrik ibiliko, baizik eta, orokorrean, jendea boluntario izatera animatzen".

Krisiak kaltetutako familiak

Edozein modutan, Debagoieneko elkarteek ere, beharra izan, badute; boluntario beharra beti dute, etortzen den edozein beso-zabalik hartzen dute.

Batzuek premia zehatzak dituzte. Gurutze Gorriko Boluntario arloko arduradunak, Santi Sarmientok, honela diosku: "Gurutze Gorria helduei eta nagusiago direnei zabaldu gura diegu". Eta horiek lagun dezaketen arlo berriak aipatzen dizkigu: "Debagoienean gizarte lana egiten hasiko gara: batetik, laguntasuna, konpainia egitea; eta, bestetik, azaro edo abendu inguruan, udalekin batera, krisiak bereziki kaltetutako familiei laguntzeko  programa hasi gura dugu". 

Gazteek ere ondo baino hobeto hartuko dituzte, izan ere, "lantaldea berritzen joan beharra" dago noizean behin.

Musika eta opariak 

Boluntario izan nahi duten nagusi askok Nagusilanera jotzen dute. Elkarte hori oso osasun onean dago, eta bailarako herri guztietan dago, Gatzagan eta Aramaion izan ezik, han nagusien egoitzarik ez dagoelako. Eskoriatzan aurten sortu da Nagusilanen boluntario taldea, sei lagunekin; Aretxabaletan, 11 dira dagoeneko. Bestalde, aurten 10 urte dira Arrasaten hasi zirenetik, eta gaur egun 44 boluntario dabiltza, 40 emakume eta lau gizon. Denetarik egiten dute: zaharren egoitzetara joaten dira bisita egitera, bingoa antolatzera, ezinduak mezetara eroeatera… Aita Mennira ere  joaten dira astean behin. Nagusiei ez ezik, adimen-gutxitasuna dutenei ere lagun egitera joaten dira, Zigorrolan dagoen Goienetxe Fundazioaren eguneko zentrora.

Premia batzuk ere baditu Nagusilanek, Tomas Atxak dioen moduan: "Gastuak ere baditugu. Hala, urtean bi aldiz Donostiatik datoz Nagusilaneko beste bi lagun, musika taldea, zaharren egoitzetan jotzera, eta igual 20 bisita egiten dituzte Debagoienera. Horrez gain, nagusiendako opariak zozketatzen ditugu kontzertutxoa eta gero. Hori dirua da". 

Dena dela, ez diote ahalegin berezi hori egiteari utziko Nagusilanekoek: "Opariak banatzea oso-oso inportantea da erresidentzian daudenendako; momentu inportanteena!", esaten du Tomas Atxak. Eta eskerrak ematen dizkio La Caixa aurrezki kutxari, ematen dien dirulaguntzagatik.

Alde gizatiarragoa 

Jendea faltan ez duten arren, Nagusilanekoek ere bat egin dute Parte hartu eta eraldatu kanpainarekin, helburu orokor hura aintzat hartuta. Tomas Atxak dei berezia egin gura dio jendeari San Juan de Dios ospitale psikiatrikoarekin lan egin dezan: "Gura baino boluntario gutxiago dituzte, eta horien bila gabiltza", esaten du Atxak.

Arrasateko San Juan de Dios ospitalean ere, boluntarioak ezinbestekoak dituzte. Boluntario-lan arloa eroaten du Roberto Gartziak, eta boluntario berriak "beti ondo" etortzen zaizkiela esaten du. Parte hartu eta eraldatu kanpainaren bidez, boluntario gehiago lortu gura dituzte, baina ez hori bakarrik: San Juan de Dios gehiago ezagutarazi nahi dute, Gartziak dioen moduan: "Arrasaten bagaude bi ospitale psikiatriko, 100 urtetik gora daroagu hemen, baina Arrasaterekin eta inguruarekin oso gaizki komunikatuta gaude. Beraz, gure burua agertu nahi dugu Debagoienean".

San Juan de Diosen behar zehatzen inguruan, hauxe dio Gartziak: "Buru-osasunean, boluntarioa oso-oso garrantzitsua da: uste faltsuak eta beldurrak gainditzen laguntzeko, gaixoak jendartean sartzeko… Premia hori ez da inoiz desagertzen. Langile aldetik ondo gaude, baina boluntarioak alde gizatiarragoa ipintzen du eta, gainera, eguneroko gauzak, planifikaziotik kanpokoak egiteko aukera ematen die. Horrexek egiten digu huts".

Askotariko gauzak egin ditzake boluntarioak San Juan de Dioseko gaixoen alde: "Orain, boluntario batek antzerki taldea aurrera eroan gura du. Beste gaixo talde bat igeri egitera joaten da, baina begiraleekin, langileekin bakarrik joaten dira, eta boluntarioak ere ondo etorriko lirateke. Margolaritza ere egin daiteke, denbora librea betetzeko edozein ekintza, paseatzera joan, lagun egin… eta gaixoari jakinarazi berari lagun egitera borondatez doala, gura duelako". 

Roberto Gartziak jendea animatu gura du, denondako aukera dagoelako: "Norbera bakarrik edo taldeka etor daitezke, gaixo talde batekin egoteko, adibidez.  Adin aldetik, 22 eta 90 urte arteko jendea daukagu, oso adin-tarte zabala, hortaz". Gartziaren iritziz, boluntarioek, herritar arruntek, "berritasuna ekar dezakete, eta bizipoza erantsi diezaiekete gaixoei".

Gurasoengandik datorrena 

Europan, Boluntarioen Urtea izan zen 2011. Horren aitzakian bururatu zitzaien Debagoieneko hainbat elkarteri boluntario-lana sustatzeko kanpaina egitea. Pauso batzuk eman zituzten, baina asmoa horretan gelditu zen, orain arte. Orain, multzo hartako bost elkartek eutsi diote asmoari, eta kanpaina osatu. Jakina, euretariko edozeinekin lanean hasteko aukera dago, baina boluntario izateko interesa izan eta beste arlo bat bilatu nahi duenak jasoko du horretarako orientazioa: Gizalde elkartearen zeregina horixe da. 

Gizaldeko Miren Gurrutxagak onartzen du, Donostian izanda, "Debagoiena urruti samar" gelditzen dela. Hala ere, telefonoz edo e-mailez zerbitzua ematen "saiatzen" dira; eta Debagoieneko jendea bulegora joan zaiela ere esaten du. Gizaldek boluntario izan gura duen horrekin berriketalditxoa egiten dute. "Elkarrizketa horretan, ikusten dugu zerk mugiarazten duen boluntario izatera, ze denbora duen, zeren bila dabilen, non bizi den… eta horren arabera saiatzen gara elkarte batera edo beste batera bideratzen", esaten du Miren Gurrutxagak.

Borondatez jarduteko joera gaur egungo bizimoduak urratu duen honetan, grina horri indar berria emateko aukera dute debagoiendarrek. Eta ez bakarrik oraingo Debagoienarendako, baizik eta seme-alaben belaunaldirako. Izan ere, hauxe esaten du Gurrutxagak: "Europako herri aurreratuenek beharbada guk baino kontzientzia handiagoa dute. Boluntariotza gure aurrekoengandik jasotzen dugun zerbait da, transmititu egiten da. Horregatik, gure aurrekoak guk horretan ikusten ez baditugu, guk ere ez dugu joera hori izango".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak